Martxelorekin autoan 2003ko otsailaren 26an

Erabiltzailearen aurpegia Enekoitz Esnaola 2012ko urr. 16a, 20:33

Aurreko egunean libre utzi zutenetik ez nintzen harekin portunatu. Tolosatik Andoainera bidean torturei buruz kotxean ezer galdetzeko adorerik ez neukan. Berak bota zidan, ordea: "Kristorenak egin zizkidatek guardia zibilek". Eta Ibarretxek deitu zion.

2003ko otsailaren 26a zen, asteazkena, eta Martxelo Otamendi han sartu zen Egunero egunkari nazionala egiten hasi ginen egoitzara, bakarrik. 11:00ak inguru ziren, eta neu bakarrik nintzen Tolosako lokalean. Sei egun lehenago Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria itxi zuen eta hainbat lagun atxilotu zituen. Tartean, zuzendaria: Martxelo. Atzeman eta bost egunera, otsailaren 25eko gau partean, bermepean libre utzi zuen Juan del Olmo epaileak. Aske atera zenean, espetxe atarian komunikabideak zain zeuzkan Martxelok, eta adierazpen gogoangarriak egin zituen. Torturak jaso zituen, zioenez (bideoa, behean).

Otsailaren 26 hartan, Egunkaria-ren ordezko Egunero-ren lokalean sartu zenean, "hi, beste denak non daude?", zioen Martxelok, harrituta. Lankide denak Andoainen ziren, elkarretaratze batera eta eguneroko bilerara joanda. Ez zekien orduko martxa hori zenik. Ordu batzuk baino ez zeramatzan aske, eta 'galduta' zegoen. Egunero-ri halabeharrez izena utzi zion Tolosaldeko egunkariaren ixte lanetan ai nintzen, geroago besteari ekiteko. Eskualdeko kazetaren lanak bukatu, eta Martxeloren autoan sartu nintzen, harekin batera Andoainera joateko. Aurreko gauean libre utzi zutenetik ez nintzen harekin portunatu. Torturei buruz kotxean ezer galdetzeko adorerik ez neukan. Berak bota zidan, ordea: "Kristorenak egin zizkidatek guardia zibilek".

Andoainera iristen ari ginela, telefono dei bat Martxelori. Juan Jose Ibarretxe orduko lehendakariaren idazkaria zen. Hizketan hasi ziren Ibarretxe eta Martxelo. Honek kalabozoko kontakizuna egin zion, eta esan ere bai beragatik —Ibarretxegatik— guardia zibilek handiak bota zizkiotela.

Andoainen Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Gorka Knörr eta beste ordezkari politiko, sindikal eta kultural esanguratsu batzuk zain zituen otsailaren 26 hartan. Euri zaparrada ari zuen. Hurrengo eguneko Egunero-k zekarren "nekatuta, harrituta, hunkituta, zurbil, begizuloekin..." agertu zela Martxelo, "itxuraz, lasai". Patxi anaiaren aterkipean babestu zen.

2008an Europara jo zuen bestelako babes baten bila. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak gaur jakinarazi du epaia: Espainia kondenatu du, Martxelo Otamendiren tortura salaketa ez ikertzeagatik.