ELAk Valentin Bengoa omenduko du bihar

(Valentin Bengoa duela bi urte, Bilbon)

Loiolan 50 urte pasa daramatza jesuita, eta sindikatuko kide historikoa da. ELAk Kongresua egingo du asteazkenean eta ostegunean, Bilbon.

ELAk bihar eta etzi egingo du XIII. kongresua, Bilboko Euskalduna jauregian, eta bihar arratsaldean, 19:00etan, sindikatuko kide historiko bat omenduko du: Valentin Bengoa Etxeberria. Aretxabaletan jaio zen Bengoa (1923an), jesuita da, eta Loiolako santutegian 50 urte pasatxo daramatza. Ezagutzen du, beraz, Azpeitia pixka bat.

2011ko maiatzean ELAren Landeia aldizkariak elkarrizketa bat egin zion (hemen), eta Azpeitiko kontuez ere aritu zen. "Azpeitira heldu nintzenean, jesuita, gazteek sarri galdera bat egiten zuten. 'Guk, gazteok, zer egin behar dugu?'. ELAren ingurura hurbiltzen hasi ginen gazte horiek argi genuen langile munduan egon behar ginela”. “Eskola sozialak deitzen zirenak oso modan zeuden, eta era horretako eskola soziala antolatu genuen Azpeitian".