Imanol Elias abal bat izan da Azpeitiko kulturgintzarentzat

Imanol Eliasek egindakoaz ez naiz ariko, web honetan badelako horri buruzko albiste eta bideorik, eta, beraz, bi hitzetan haren ibilbidea laudatu besterik ez dut. Harekin izandako harremanaz idatziko dut, labur. Imanol, herri artxiboa ez ezik, abal bat izan da Azpeitiko kulturgintzarentzat.

Imanol Eliasen berri lehenagotik izan arren, 1999ko udazkenean izan nuen harekin aurreneko hartu-emana. Urte hartako azaroan Uztarria herri aldizkaria sortzera gindoazen, eta Azpeitiko historiaz idazteko zutabegile nahi genuen Imanol. Proiektuari horrela babesa emateko ere bai, hori ere esan behar da. Zuhatzeneko tabernan bildu ginen, goiz batez, kafe baten bueltan. Azaldu nizkion Uztarria Kultur Koordinakundearen izaera eta helburuak, bota nion proposamena, eta erantzun zidan uzteko aldizkariaren aurreneko pare bat zenbakiak ikusten. Tankera hartu nahi zion. Atera zen 1. zenbakia 1999ko azaroan, 2.a abenduan, eta 1999 urte bukaeran baiezkoa eman zidan, hasiko zela hilero idazten. 2009ra arte jardun zuen.

Proiektu berria zen Uztarria aldizkaria, berritzailea gure herrian, eta Imanolen baiezkoa eta parte hartzea abal bat, berme bat izan zen.

Geroztik etorri ziren lankidetzan pausoak: Imanol Elias biografia liburua, hark idatzitako Azpeitiko efemerideak liburuaUrola Kostako Hitza egunkariaren hasieran ere babesa agertu zuen. 

— "Kultur Mahaiaren lana badoa aurrera eta hasi da fruituak ematen. Nola ikusten duzu Azpeitiko taldeen arteko elkarlana?", galdetu genion 2011ko abenduan, Kultur Mahaiak ohorezko bazkide izendatu behar zuela-eta egindako elkarrizketan (hemen elkarrizketa osorik, PDFan).

— "Uste dut, gauza guztietan bezala, elkar hartzeak indarra ematen duela. Azpeitian horixe gertatu da, talde guztiek elkar hartzea denon mesederako da. Fruitua emango du luzaroan eta ona gainera, dudarik gabe. Oso hasiera ona eduki du Kultur Mahaiak. Sanagustin kulturgunea ere oso toki ona da; plaza erdian dago, eta horrek asko laguntzen du. Gainera, iritzi ezberdineko jendea bilgune berean elkartzea izugarria da, hori ez da inoiz gertatu Azpeitian; izan ere, azpeitiarrok badugu halako inbidia puntu bat, albokoak zer egiten duen begiratzeko joera. Kultur Mahaian orain arte egin den lana oso ona da", erantzun zuen.

Hor berriro Imanolen babesa, abala, bermea. Segurantzia kulturgintzako kideontzat.

2012an ez nuen askotan ikusi, haren gaixotasuna zela kari. Batik bat, e-postaz jardun genuen. Minbizia izan arren, umore punttu batez idazten zidan. "Txuteak" ziren problema berak gauza handirik ez aportatzeko, kontatzen zuenez.

— "Azpeitian zer egiten jarrai daiteke kultura arloan?", galdetu genion 2011ko hartan.

— "Kulturan egin daitekeen lanak ez du bukaerarik, kulturak berak ez baitu mugarik, dena da kultura".

Eskerrik asko, Imanol, egindako denagatik!