Amonak egingo zuen

Erabiltzailearen aurpegia Alaitz Olaizola 2013ko mai. 9a, 19:14

Beti puntua egiten ikusten omen zuen: gosaldu aurretik, ondoren, bazkaldu ostean, arratsalde osoan...

Ezin omen zuen ulertu zergatik egiten zuen hainbeste puntu. Zertarako? Norentzako? Interesgarria egiten omen zitzaion begira egotea, isiltasunean. Patxadaz, lasai, akatsik gabe...

Behin galdetu omen zion:

-Zertarako ari zara puntua egiten,amona?

-Freskatzen badin ere, badaezpada

-Udan gaude, amona!

-Etzagon jakiterik, prest egon beharra zagon.

-Norentzako ari zara puntua egiten,amona?

-Hire ilobak laster ume bat izango din.

-Nereak? Hamar urte baino ez ditu eta!

-Haziko dun.

-Norentzako da lepoko hori?

-Hire osaba Antoniorentzat.

-Amona, urtebete pasa da Antonio hil zenetik.

-Hil aurretik eskatu zidanan.

-Zergatik egiten duzu puntua eskuetako minez bazaude?

-Egiten ez badinat, bihotzean izango dinat min.

Berak ezin ulertu amona... Puntua egitea, bihotza... Non dago lotura?

Amona hil zenean, amari galdetu omen zion:

-Amonak betidanik izan du puntua egiteko ohitura?

-Ez. Gaixoa. Sekula ez zuen astirik izan. Umeak hazi eta hezi, etxeaz arduratu, eskolako lanekin lagundu. Besteentzat bizi zen.

Bera erez ahartu zenean ulertu omen zuen: amona ez zen besteentzako puntua egiten ari, berarentzako baizik, hutsa ez sentitzeko.

Zahartzaroari buruzko gogoeta bat egitea tokatzen zait, eta sarean begira, irakurri berri duzuen honekin topo egin dut, tira, antzeko zerbaitekin.

Nire amona imajinatu dut etxeko sukaldean, puntua egiten. Inork jantziko ez dituen jertseak egiten pazientzia handiz, poliki, lasai, irribarrez, kontzentratuta.

Barruko deia omen... Haurra nintzela saiatu izan naiz puntua egiten, ama noizbait ikusita gogoa piztuta edo. Zuzen ezer ez, hamar punturekin hasi eta ilara bakoitzeko bat gehiago. (Gure amak esaten du lepoko bat egiten hasi nintzela, eta galtzontzilo itxura hartu zuela azkenerako!! Ni ere akordatzen naiz. Gorria zen).

Ez dut geroztik puntua egiteko gogorik sentitu, ez eta beharrik ere. Baina behar bada, iritsiko da garaia. Presta nadin ordurako! Behin ikasitakoa ez omen da sekula ahazten eta... Bizikletan ibiltzea bezala. Serio jarrita, puntua egiten zuen amonaren istorioak zer pentsatua eman dit.

Aitonak kokozko opilak ekartzen zizkidan gaixo nengoen bakoitzean. Hil zenetik ez ditut berriro probatu. Kokoa ez da bereziki gustatzen zaidan zerbait, baina aitonaren opilak, haiek bai goxoak!

Amonak, berriz, ezin izan sekula ezer ekarri, ezer oparitu...Ez zegoen... Aspaldi joan zen... Ez zuen punturik egiteko astirik izan...

Etorriko zen ikastolara nire bila, batzuetan amona bat eta besteetan bestea. Igual errieta egingo zidan sagar haziak lurretan sartu ostean lokatzaz beteta bueltatzen nintzelako: <>

Noka hitz egingo zidan, seguru. Baietz,amona?

Amonak puntuan egindako jertse ziztrin bat banu sikiera... Nire alabak jantziko zuen, dudarik gabe. Amonarena zelako, nire amonarena zelako.

Eta ez zion denborarik eman...

Uzten zaituztet. Puntua egiten ikasi nahiko nuke amona izaterako, eta horrek, bere denbora eskatzen duelakoan nago!

Amaren eguna pasatu berri den honetan, ba al dago amonaren egunik? Ez badago, izan bedi gaurkoa!

Topa,amona!