Kanpotik barrura

Erabiltzailearen aurpegia Amagoia Aizpuru 2014ko urr. 17a, 11:47

Presa, korrika, estresa... Oso hitz komunak! Denok identifikatzen gara hitz horiekin. Gure gizarteak erritmo hori markatzen digu. Horrela, gizabanakoa kanpoan dabil, 'barnera' begiratu gabe; hau da, garapen intrapertsonala oztopatuz.

Presaka, gero eta gehiago egiteko, helburu batzuetara heltzeko... Baina zein da horrekin lortu nahi dugun azkeneko helmuga? Zoriontasuna? Modu horretan lortzen al dugu zoriontasuna? Edo kapitalismoaren pertsona aktiboak izaten bukatzen dugu, pentsatuz zenbat eta gehiago egin, gehiago izango dugula eta zoriontsuago izango garela?

Stop. Geratu egingo gara pixkatean... begiak itxi eta barneratu! Zer sentitzen dugun sentitu. Hortik hasi beharko gara zoriontasunera bideratzen gaituzten tresnak aurkitzen, eta ez kanpoan!

Hezkuntzarekin lotura eginez, gure haurrei ere garapen intrapertsonal horretan lagundu beharko diegu, gu eredu izanez, eta beraiek animatuz barneratzen eta beraien tresnak hor aurkitzen. Horretarako, gizarteak ezartzen digun erritmo azkar horretatik aldendu behar gara, eta barne lanketa bat egin.

Zergatik ezartzen digu gizarteak erritmo azkar hori? Zergatik ez gaituzte barne garapen horretara bultzatzen? Agian, horren guztiaren atzean interes batzuk daudelako? Nori interesatzen zaio, 'garatutako' pertsonaz osatutako gizartea osatzea? Pentsatzen dakiten pertsonak hezitzea? Agian, konflikto gehiago sortuko lirateke, ezta? Presaka gabiltzan bitartean, ez dugu pentsatzen, ez gara garatzean... eta interes ekonomiko eta politiko batzuk betetzen ditugu. Batzuek boterea mantentzeko, gehiengoak lana eta horrekin lortutako fruitua gastatu egin behar du, hori da gizarte kontsumitzaile honen oinarria.

Zoriontasuna ez dago gizarte kontsumitzaile horretan, norbanakoan eta honek inguruarekin eraikitzen dituen harremanetan baizik. Urriko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzia artikulua.