Orbea garaipenetik gertu Oñatiko ziklokrosean

Mikel Orbeak ohorezko postuak pilatzen jarraitzen du ziklokros denboraldian. Izan ere, atzo goizean Oñatiko IX. Ziklokros lasterketan 2. postuan sailkatu zen. Lasterketa hasieran erritmoa hartzea kostatu zitzaion, baina atzetik aurrera egin zuen azpeitiarrak, bigarren postuan helmugaratu zen arte.

Atracciones Sanz – Epi Kristaldegia taldeko txirrindularia garaipen eta ohorezko postu ugari lortuta iritsi da denboraldiaren azken txanpara. Hain zuzen ere, denboraldiko lasterketa garrantzitsuenak lehiatuko dira orain. Aurreko urtean lortutako Euskadiko Txapela berresteko aukera izango du Orbeak abenduaren 30ean, eta ondoren, Espainiako eta Munduko Txapelketak lehiatzeko aukera izango du, Euskadiko eta Espainiako selekzioetako hautatzaileen deialdietan sartzen bada.