Keinuak

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2019ko api. 19a, 12:00

Txetxu Urbietak Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Hasiera duen orok amaiera duela jakina da. Izanak berarekin dakar iraungitze data. Betirako jaio edo sortu denik ez da, izatekotan guztiaren sortzaile den Hori. Beste denok badakigu, edo jakin behar genuke, jaiotzaren pozak heriotzaren negarra ekarriko duela.

Lur planeta ere jaio zen. Eta hilko da; edo hilko dugu. Eutanasiaren beharrik ez du izango. Dakitenek diotenez, era bortitzean eta basatian hilko dugu gure ama lur gaixoa. Bakar batzuk aspaldi konturatu ziren egiten ari ginen sarraskiaz; beste batzuk orain ari gara jabetzen gure krudelkeriaz; eta bada oraindik bestaldera begiratzen duenik ere. Ama lur gaixoa gaixo dago; zaindu dezagun. Keinuak utzi eta ekintzetara jotzeko garaia da. Kostatuta egiten dugun hori, aginduta muturra okertuta ezinbestean egiten dugun hori, ama lur maitearen hobebeharrez egin beharreko zerbait da.

Bizi garen aroan keinuen indarra nabaria da. Keinuak beti dira beharrezkoak, baina keinu hutsek ez dute gaitzik sendatzen. Neurriak ere behar dira. Mamorro alua odoleraino sartzen denean, alferrik da axaleko ebakitxoari ur oxijenatua botatzea eta merkromina ematea. Alferrik da ahulari bakarrik aurre egitea. Keinuak inpaktua eragingo du, baina gaitzik ez du sendatuko. Debekua beharrezkoa denean, ona izango da. Baina gaitzak sendatzeko biderik onena eta eraginkorrena hezkuntza da; horrek egingo gaitu aske. Taberna batek tragaperra bat kentzea txalotzeko keinua da. Baina zer ote dio keinu horri buruz egunero etxera mozkortuta iristen den pertsonaren senitartekoak? Bizitza denontzat da korapilotsua.

Neu aurreneko bekataria. Bekatu gehientsuenak barkatzeko modukoak izan daitezke; barkaezina litzatekeena da ama lur maitea hiltzea. Ama, beti, bat eta bakarra.