Bizikletak, judo erakustaldia eta azoka, San Eloi bezperako goizerako

Uztarria.eus 2019ko aza. 30a, 17:16

San Eloi festetan murgilduta dabiltza egunotan Landetan. Ostegunean mus txapelketarekin hasi zituzten jaiak, atzo txerri boda ospatu zuten, eta gaur, San Eloiz bezpera, egun osorako prestatutako egitaraua aletzen ari dira. BTT irteeran parte hartu duten txirrindulariak izan dira goiztiarrenak. Kirolarekin jarraituta, azkenean kiroldegian egin dute Kodaore judo klubeko ikasle gazteen erakustaldia; dozenaka judolari elkartu dira bertan, baita haiek txalotzeko ikusle mordoa ere. Euri arriskuak bultzatu ditu judokoak kiroldegian babestera. Eta euriaren beldurrez ala ez, baina ez da jende asko elkartu eguerdi partean egin duten azokan eta ganadu erakustaldian.

Arratsaldean, lasterketetako autoen eta motoen erakusketa jarriko dute Landetan, eta triki-poteoarekin girotuko dute zapatu iluntzea.

Bihar, San Eloi

Bihar ospatuko dute zaindariaren eguna, eta San Eloi egunez urtero ohi dutenez, auzotarren bazkaria egingo dute landetarrek, aurten Landeta jatetxean. Aurretik, saneloietako igandean aspaldiko urteetan hutsik egiten ez duten zezen txikiak eta poniak eta herri kirol erakustaldia izango dituzte. Hau da biharko egitaraua:

12:00. Zezen txikiak eta poniak.

13:00. Herri kirol erakustaldia.

Ondoren, zozketa.

14:30. Auzo bazkaria Landeta jatetxean.

Arratsaldean, triki poteoa.