Tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko dituzte asteburuan Trenaren Museoan

Uztarria.eus 2019ko abe. 3a, 13:40

Burdinbidearen Euskal Museoak bisitarientzako tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6tik 8ra bitartean. Igandean, gainera, 2019ko sasoia bukatzeko hiru bidaia egingo ditu museotik Lasaora arteko geltokira.

Azpeitiko Eustronenen Burdinbidearen Euskal Museoak asteburu berezia izango du datorrena. Hala, tren historikoen zerbitzu bereziak eskainiko ditu ostiraletik igandera bitartean. Sei tren historiko jarriko ditu martxan. Igandean, gainera, 2019ko dennboraldia bukatzeko hiru bidaia berezi egingo dituzte bidaiariekin museotik Lasaoko tren geltokira. Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin erakusketa ikusteko aukera ere izango da Trenaren Museoan asteburuan.

Museoa ostiralean eta igandean 10:30etik 14:00etara egongo da zabalik, eta larunbatean 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era.

Honakoak dira Trenaren Museoko asteburuko trenen ordutegiak:

- Abenduak 6, ostirala: 12:30ean, lurrun trena.
- Abenduak 7, larunbata: 12:30ean eta 17:00etan, lurrun trena.
- Abenduak 8, igandea: 11:00etan, 1953. urteko Allan diesel automotorea. 12:00etan, 1888. urteko Zugastieta tren-makina. 13:00etan, 1920. urteko Euzkadi tren-makina.

Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin erakusketa zabalik

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoan erakusketa berezi bat ikusteko aukera ere izango da asteburuan: Mugikortasun elektrikoak 130 urte Euskadin izenekoa. Erakusketa horretan hamasei panel jarri dituzte ikusgai, eta hainbat ibilgailu bertatik bertara ikusteko aukera ere ipini dute. Horiez gainera, museoko trakzio-azpizentralaren ondoko eraikinean, Urolako trenak 1925. urtetik erabiltzen zituen trakzio energia transformatzeko sistema konplexuak ikusteko aukera izango dute bisitariek. Museoko arduradunek azaldu dutenez, "historikoki, Euskadi mugikortasun elektrikoaren arloan liderra izan da penintsula osoan. Euskadin jarri zen estatuko lehen tranbia elektrikoa, 1986an, Bilbo eta Santurtzi artean; baita lehen tren elektrikoa ere, Ulia mendikoa, 1902an".