Abenduaren 17an jarriko dituzte salgai datorren urterako Kultur Bonoak

Uztarria.eus 2019ko abe. 15a, 11:56
Eusebio Beloki Kulturaz kooperatibako ordezkaria, Eneritz Albizu zinegotzia eta Jose Luis Otamendi Kulturazeko lehendakaria.

Datorren asteartean, 18:00etan, jarriko dituzte Kultur Bonoak salgai, Sanagustin kulturgunean. Bonoa 70 euroren trukean eskuratu ahalko da; dena den, ikasle txartela dutenek, langabetuek eta jubilatuek %50eko deskontua izango dute. Hamar kontzertu, sei antzerki edo dantza emanaldi eta umeentzako sei ikuskizun ikusteko balioko du txartelak. Salgai jarriko duten bono kopurua mugatua izango da.

2020. urterako Kultur Bonoak datorren asteartean, abenduak 17, jarriko dituzte salgai. Ohi bezala, Sanagustin kulturgunean eskuratu ahal izango dira, egun horretako 18:00etatik aurrera. "Herritarrak kulturarekin hazi eta hezi daitezen nahiz goza dezaten" ahalbidetzeko asmoz kaleratu dituzte Kultur Bonoak. Azken urteetan arrakasta handia izan dute bonoek, eta agortu ere egin izan dira.

Bonoak Azpeitiko Udalak eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak elkarlanean ateratzen dituzte, eta ordaindutako sarrera duten ikuskizunetarako balio du. 2019an, adibidez, 200 ekitalditik gora antolatu dituzte Sanagustin kulturgunean nahiz Soreasun, eta horietatik ia laurden bat izan dira sarreradunak. Gainera, aurtengo urtean hainbat ekitalditako sarrerak agortu egin dira: Benito Lertxundi, Ene kantak, Berri Txarrak, Egurra eta Kitto + Brigade Loco, Nogen, SA, Go!azen... Datorren urtean ere, gutxienez, ikuskizun kopuru hori mantentzea aurreikusten dute Kulturaz kooperatibakoek. Hainbat ekitalditara sarrera

Ikuskizunetan aniztasunari erreparatuko dietela eta denen gustuko gauzak ekartzen saiatuko direla adierazi dute Kulturaz kooperatibako ordezkariek, eta adina eta oreka kontuan hartuko dituztela. Bonoa 70 euroren trukean eskuratu ahalko da; dena den, ikasle txartela dutenek, langabetuek eta jubilatuek dagokion agiriaren kopia aurkeztuz gero %50eko deskontua izango dute. Ohi bezala, salgai jarriko den bono kopurua mugatua izango da.

Sanagustin kulturgunean nahiz Soreasu antzokian antolatutako honako ekitaldi hauez gozatzeko aukera eskaintzen du bonoak: hamar kontzertu, sei antzerki edo dantza emanaldi eta umeentzako sei ikuskizun (heldu bat eta ume bat). Soreasu antzokian diren ekitaldi guztietarako sarrerak aurrez bonoarekin hartzea derrigorrezkoa izango da. Kulturaz.eus webguneko agenda atalean bonoa erabili ahal den ekitaldiek ikur bat izango dute, bono jabeentzako jakingarri gisa.

2020rako ekitaldiak antolatzen hasi dira dagoeneko Kulturazekoak, eta zenbait ikuskizun itxita dituzte dagoeneko: Ilegales, Zea Mays, Anier eta Mad Muasel, Kukai dantza konpainiaren Gauekoak, Immaculate Fools eta Jotakie, Fuel Fandango, Haatik dantza konpainiaren Errimak bi oinetan, Sonakay, Beheko Larraine konpainiaren Manifestu bat ikuskizuna, Ekain Ibargurenean Alejop! ikuskizuna, Denboraren Taupadak haurrentzako antzerkia...