Bihar iritsiko da Olentzero herriko ikastetxeetara

Uztarria.eus 2019ko abe. 19a, 13:38

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira eta Iraurgi Ikastetxera 09:30 aldean joango da Olentzero. Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, berriz, arratsaldez iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, 15:10 inguruan.

Ate joka daude Gabonak, eta ohi bezala, herriko ikastetxeetan prest dira Olentzeori harrera egiteko. Hain zuzen ere, bihar, ostirala, joango da Olentzero Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira, Azpeitiko Ikastola Ikasberrira eta Iraurgi Ikastetxera.

Karmelo Etxegaraira 09:30 aldera iritsiko da Olentzero; Euskal Herria kaleko eraikinean hamaiketakoa eskainiko diote, eta Perdillegikoan, berriz, kafea, abestiak, dantza eta musika, giroa alaitzeko. Ondoren, txistor mokadua jateko aukera izango dute.

Iraurgi Ikastetxera ere 09:30 aldera iritsiko da Olentzero, bertako trikitilarien laguntzarekin. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoek ikastetxeko balkoietatik ikusiko dute Olentzeroren etorrera. Ondoren, Olentzerok Haur Eskolako haurrek beraien geletan hartuko dute Olentzeroren bisita, eta, ondoren, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza 1. eta 2. mailetako ikasleak ikastetxeko aretoan elkartuko dira Olentzerorekin. Bertan, ikazkinaren hitzak entzun eta eskutitzak emateko aukera izango dute. Hamaiketarako txorizoa prestatuko dute, Santo Tomas bezpera ospatzeko. Arratsaldean, berriz, Iraurgiko hainbat ikasle Parrokiko jaiotza ikustera joango dira.

Ikasberrira arratsaldez joango dira Olentzero eta Mari Domingi. Olatz aldetik astoz iritsiko dira 15:10 inguruan, eta 15:20an LH4ko ikasleek aurreskua dantzatuko diote. Ondoren, Olentzerorekin solasean aritzeko eta harekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute Ikasberriko haurrek. 16:15ean suaren ekitaldia egingo dute eta Gabon kantak abestuko dituzte areto nagusian.