Bea Egizabalek barrez bete du Emakumeen Jaialdia

Uztarria.eus 2019ko abe. 20a, 21:26

Udazkeneko Jabetze Eskolak amaituta, horietako ikastaroetan eta tailerretan ibili diren zein ibili ez diren emakumeak batzeko eta ospatzeko prestatu dute aurten Emakumeen Txokoan urte amaierako Emakumeen Jaialdia. Horrela, gaur arratsaldean han elkartu direnek barrerako eta konpartitzeko tartea hartu dute. Bea Egizabal izan da barreen arduradun eta errudun. Bakarrizketa mamitsua eskaini du clownak, amaitu berri diren Jabetze Eskolen errepaso zehatz eta mehatza oinarri eta umorerako aitzakiatzat hartuta, han eta hemen Emakumeen Txokoaren egunerokoaren eta bitxikerien printzak barreiatuz, eta mitologia grekoan 'aditua' dela erakusteko aukera alferrik galdu gabe, ekitaldi aretoan elkartutakoen gozamenerako.

Egizabalen emanaldia bukatutakoan, berriz, lagun artean mokadutxoa egiteko parada izan dute jaialdira joan direnek, urtarriletik aurrera etorriko diren egitasmoetarako indarrak batzen hasteko.