Eki Aizpuruk eta Jone Arriaranek irabazi dute XIX. Dantza Suelto Txapelketa

Uztarria.eus 2019ko abe. 22a, 11:08

Dantzari gazteen XIX. Dantza Suelto Txapelketa jokatu zuten atzo, Santo Tomas egunean. Gipuzkoako hamabost bikote aritu ziren Sanagustin kulturgunean lehian, eta aurtengoan, etxean geratu da saria; izan ere, Eki Aizpuru eta Jone Arriaran azpeitiarrek osatutako bikoteak lortu zuen gehien, eta horiek eraman zuten sari nagusia. Sailkapeneko ondorengo bi postuetan sailkatu ziren dantzariak ere azpeitiarrak izan ziren: bigarren postuan Iker Zabala eta Nora Aizpuru bikotea geratu zen, eta hirugarrenean, Enaitz Segurola eta Malen Arrizabalaga. Azken bikote horrek, gainera, 12 urtetik beherako bikote onenaren saria ere eskuratu zuen. 

Kulturgunea herritarrez leporaino zela, dantzariek fandango eta arin-arin bana dantzatu zuten oholtzan. Honako bikote hauek aritu ziren lehian: Aner Elorza eta Alaitz Elorza (Azpeitia); Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia); Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla (Zestoa); Joanes Zubia eta Arrate Goikoetxea (Ibarra); Ugaitz Ribera eta Amaiur Otaegi (Lezo-Bidania); Olatz Azkue eta Mattin Etxebeste (Lezo-Oiartzun); Endika Osa eta Danele Atxukarro (Lezo-Hondarribia); Urko Puy eta Ane Jaunarena (Pasai Donibane-Lezo); Enara Artola eta Danel Castillo (Lezo-Pasai Donibane); Uxue Muñoa eta Paul Muñoz (Oiartzun-Lezo); Alazne Ramos eta Alaia Santano (Lasarte-Villabona); eta Aratz Asteasu eta Laia Barona (Gasteiz).