Harrera bero bezain polita egin diete herritarrek Olentzerori eta Mari Domingiri

Uztarria.eus 2019ko abe. 24a, 15:19

Azpeitira iritsi dira gaur, abenduak 24, Olentzero eta Mari Domingi, eta herritarrek harrera beroa egin diete beste urte batez. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko eta Iraurgi Ikastetxeko ikasleek nahiz Juan Antxieta Musika Eskolako musikari gazteek zein Itsasi kultur taldeko dantzari txikiek, elkarrekin agurtu dituzte Olentzero eta Mari Domingi haien etorreran. Eguraldia lagun, ekitaldi jendetsua, koloretsua eta alaia egin diete Olentzerori eta Mari Domingiri, eta jendetza irten da kalera haiei ongi etorria ematera. Ikasle zein irakasle San Martin egoitzaren atarian elkartu dira 12:30ean, eta kalejira egin dute Alde Zaharrean barrena. Argitxoz eta ikazkinez jantzitako dozenaka ikaslek Olentzeroren eta Mari Domingiren gurdiaren ondoan egin dute ibilbidea, eta ttuntturroek ireki diete bidea. Olentzerok eta Mari Domingik plazan hartu dute hitza, ikasleek sortutako bertsoen eta aurreskuaren ostean. Ondoren, gaztain erreak eman dizkiete ekitaldian parte hartu dute gaztetxoei.

Aurten, berrikuntza bezala eta usadioa berreskuratuta, beren artean ez daudenak gogoan hartzeko aukera izan dute herritarrek. Izan ere, plazan sua piztu dute, eta gaztetxoek nahiz helduek txotxak sutara botatzeko aukera izan dute, gogoan duten gertukoaren izena esanda. Ekitaldia amaitzean, herritar ugarik argazkiak atera ditu Olentzerorekin eta Mari Domingirekin. Beste urte batez, ilusioz bete dituzte kaleak eta haurren aurpegiak Olentzerok eta Mari Domingik.

Arratsaldean, jaiotza

Urtero moduan, gaur arratsaldean Jaiotza aterako dute kalera Julian Barrenetxea eta Parrokiako abesbatzek, txistulariek nahiz hainbat herritarrek. 18:00etan elkartuko dira horiek denak Perez Arregi plazan, eta handik Olazko Andre Mariaren plazara bitartean ariko dira kalejiran.