Kantujirako kideek egindako abesti liburuxkak salgai izango dira gaur arratsaldean plazan

Uztarria.eus 2019ko abe. 26a, 13:59

18:30etik 20:30era izango dira liburuxkak saltzen plazako arkupean. Kantujirakoek azaldu dutenez, "lan handiaren" fruitu dira liburuxkak, eta 300dik gora abesti jaso dituzte horietan. Bost euroan izango dira salgai.

Azpeitiko Kantujira taldeko kideek abesti liburuxkak egin dituzte, eta salgai jarriko dituzte gaur arratsaldean plazako arkupean. Liburuak saltzeko postua 18:30 aldera jarriko dute, eta bertan izango dira 20:30ak arte. Bost euroan jarriko dituzte salgai liburuak.

Jarritako erronka bete dutela diote Kantujirakoek: "Lan handia eman digu, baina jadanik eskuartean dugu.Harro gaude egindako lanarekin, liburu dotorea da. 300dik gora abesti biltzen ditu. Euskal tradiziotik jasotakoak gehienak, baina baita gaur egungoan ere. Abestien %95 euskal kantak dira. Gaztelaniaz baditugu batzuk eta katalanari, galegoari, okzitanierari eta aragonesari ere keinu txiki bat egin nahi izan diogu gure orrietan.Taldea osatzen dugunok badugu ale bana, baina Azpeitiko herrirarrekin ere partekatzea pentsatu dugu, hala nahi izanez gero gurekin batera kantatzeko, etxean familia giroan erabiltzeko edo lagunartean ere otordu ondorenetan giroa alaitzeko".

Udalari eskerrak eman dizkiete, erakundeak emandako laguntzarik gabe liburuxkak kaleratzea "ezinezkoa" izango zelako.