Kupela taldeak agurreko kontzertua eman du Aristerrazun

Uztarria.eus 2020ko urt. 2a, 12:30

Duela hilabete batzuk jakinarazi zuen Kupela taldeak agur esango zuela urtearen amaieran, eta halaxe gertatu da. Anjel Larrañaga eta Xabier Alberdi Zabale Azpeitiko bizilagunek eta Jexux Epeldek osatutako taldeak bere ibilbideko azken kontzertua eskaini zuen joan zen igandean, hilak 29, Aristerrazuko plazan, Aian. Trikitizaleek urteetan gogoratuko duten kontzertua izan zen; izan ere, 18:30ean hasi eta 22:00ak arte jardun zuen taldeak agertoki gainean, eta dozenaka herritar joan ziren kontzertua entzutera.

Igandeko emanaldia, gainera, berezia izan zen, Anjel Larrañaga abeslari eta panderojoleak emanaldiaren amaieran hiru bertso kantatu baitzituen; entzuleak, dantzariak eta urte hauetan guztietan alboan izan dituen taldekideak zoriondu eta eskertu zituen Larrañagak.

Iazko uztailean elkarrizketa egin zion Uztarriak Larrañagari, eta lotura honetan irakur daiteke.

(Argazkiak: Ibon Errazu)