Helduen danborrada eta saio berezia, zuzenean

Uztarria.eus 2020ko urt. 9a, 16:52

Uztarriak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitzak San Sebastian bezperako festaren zuzeneko emanaldia egingo dute beren webguneetan. Danborradaren ibilbide osoko irudiak ez ezik, gonbidatuekin osatutako saio berezia eskainiko dute udaletxetik.

San Sebastian bezperako helduen danborrada bertatik bertara ikusteko modurik ez dutenek, hasi eta bukatu festa zuzenean jarraitzeko aukera izango dute Uztarriaren, Erlo Telebistaren eta Urola Kostako Hitzaren bidez. Urolako Komunikazio Taldeko hiru hedabideek danborradaren zuzeneko emanaldia eta saio berezia eskainiko dituzte hilaren 19ko gauean, 22:00etatik 00:45era, etenik gabe.

Helduen danborradaren ibilbideko, parrokiako eta plazako irudiak eta doinuak ez ezik, gauerdian bandera igo aurretik hasi eta taldeak plazan diren bitartean iraungo duen zuzeneko saio berezia jarraitzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Udaletxetik egingo dute saio berezi hori Uztarriak, Erlok eta Hitzak, aurkezleekin eta gonbidatu bereziekin, horien hitzak eta plazako giroaren irudiak eta musika tartekatuz.

San Sebastian bezperan, bizi Azpeitiko danborrada Uztarrian, Erlon eta Hitzan!