Omenaldi beroa jaso du Pako Epeldek

Uztarria.eus 2020ko ots. 15a, 11:47

Azpeitiko Parrokian eta parrokian askotariko lanak eta lan asko egin ditu Pako Epeldek, eta hori dela eta, omenaldia egin zioten atzo, ostirala, bere lagunek. Azpeitiko Parrokiaren bueltan ibiltzen diren musikariek eta beste zenbait lagunek afari berezia antolatu zioten, Loiola hotelean.

Lehenik, organista taldeak hartu zuen hitza, eta talde horretako ordezkariek eskerrak eman zizkioten Epelderi urte hauetan guztietan emandako babesagatik; gainera, oroigarri bat eman zioten omenduari, Mikel Sanjuanek egina. Ondoren, Azpeitiko Udaleko zinegotzi Agustin Lizarraldek hitz egin zuen, eta herriko turismo alorrean Epeldek egindako lana nabarmendu zuen; era berean, oroigarri bat eta Abitaingo iturria ageri den giltzatakoa eman zion Lizarraldek Epelderi. Gero, Julian Barrenetxea abesbatzako Arantxa Olaizolak eta Olatz Agirrek bertso idatzi bat oparitu zioten, Pello Zabala frantziskotarrak espresuki idatzia, eta denen artean abestu zuten. Segidan, Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko Udaleko zinegotziak eta turismo alorrean Epelderekin harremana izandakoak Azkoitiaren eta Azpeitiaren arteko elkarlana erakusten duen 1980ko grabatu baten errepika zeraman koadro bat oparitu zion.

Horrez gain, beste zenbait opari ere jaso zuen Epeldek. Oso gustura hartu zuen aitortza hark, eta gau giro ederra nagusitu zen ekitaldian.