Azpeitia, delitu tasa txikienetakoa duen udalerria

Uztarria.eus 2020ko ots. 18a, 15:00

Azkoitiko, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo alkateek, herri horietako udaltzainen ordezkariek, Ertzaintzaren Gipuzkoako buruak eta Azkoitiko ertzain-etxeko buruak koordinazio bilera egin zuten atzo, astelehena, Azkoitiko ertzain-etxean. Besteak beste, eskualdeko delitu tasak izan zituzten hizpide horiek, eta nabarmendu zuten Azpeitian eta Azkoitian pixka bat behera egin dutela delituen zenbatekoek. Are gehiago, udalerri horietako delitu tasak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako tasaren azpitik daudela eta hiru lurraldeetako tasarik baxuenetakoak Azpeitikoak eta Azkoitikoak direla adierazi zuten.

Hain zuzen ere, Azpeitian mila biztanleko delitu tasa %14,47koa izan zen 2018an, eta iaz %14,06koa. Azkoitiko delitu tasa, berriz, pixka bat gehiago jaitsi zen: %15,33koa izan zen 2018an, eta %13,84koa 2019an. Urola Kostako batez bestekoaren –iazko datuen arabera, Urola Kostako delitu tasak pixka bat gora egin du– azpitik daude bi herri horietako zenbatekoak; izan ere, eskualdeko mugapeko tasa %22,08koa izan zen 2019an (%21,18koa 2018an). Bestalde, Gipuzkoako 2019ko tasa oraindik eta altuagoa da: %33,74koa izan zen.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailarekin izenpetutako hitzarmenen bidez gauzatu beharreko Zerbitzuak Mugatzeko Polizia Protokoloa ere izan zuten hizpide Ertzaintzaren, Udaltzaingoen eta udalen ordezkariek.