"Esperimentazioaren garaia da Euskal Herrian"

Uztarria.eus 2020ko ots. 29a, 18:32

Josu Zabala eta Igor Elortza gaurko hitzaldian.

Irailaz geroztik martxan den Hitzaren Eskolaren barruan, otsaileko saio irekia eskaini du Josu Zabalak gaur, zapatuarekin, Dimanoa sormen gunean, eta 40tik gora lagun elkartu dira bertan Hertzainaken nahiz beste hainbat taldetan aritutako musikariak Kantuari hitza emateaz izenburupean eskaini duen solasaldia entzuteko. Hitzez baino, kantugintzaz aritu da solasean Zabala ordu eta erdi inguru iraun duen hitzaldian. Igor Elortza Hitzaren Eskolako irakaslea eta bertsolariak hala aurkeztu du Zabala hark hitza hartu aurretik: "Kantagintza modernoaren ikuspegi zabala ematera dator, kantuaren eta hitzaren arteko loturaz hitz egitera". Eta bi galdera edo gai jarri dizkio hitzaldia hasteko: "Kantaren zure definizioa zein da" eta "egin datorrenaren sarreratxo bat, ahal dela, pop rock-aren parametroetan; hau da, hiru-lau estrofa eta ikasteko erraza den estribillo baten bidez".

Eta gai-jartzaileak nola jarri gaia, hala hasi da Zabala hizketan. Zabalak "oso modu sinplean" honako modu honetan definitu da kanta bat: "Kanta arte txikia da, arte handi biren zati txikiak konbinatzen dituena. Hitz txikiak, musika laburra; beraz, dena da txikia. Halere, esanahi handiko gauzak sor daitezke kantuen bitartez". Musikariak kantagintza modernoak mendeetan forma nola hartu duen azaldu du, musikaren garapena, batez ere, kulturen arteko talken arabera moldatu dela azpimarratuta. Eta teknologiak ere garrantzia handia izan duela esan du, hitzak egoera sozialaren edo industriaren interesen arabera aldatzen direla adierazita.

Hitzaldiaren zatirik handiena musikaren sorkuntzaren eta garapenaren bueltan kokatu du Zabalak. "Musika gizakiaren eta naturaren harremanetatik sortutako elementua da. Musika historia-aurrean gauza kolektiboa zen, rituala kasu gehienetan, eta gerora pasatu zen bakarkako musika izatera". Eta orduan hasi du musikaren historiaren barruko bidaia. Izan ere, hitzaldiaren zatirik handiena musikak munduan izan duen bilakaeraz egin du otxandiotarrak.

XI. mendean jarri du arreta lehenik, orduan hasi baitzen herri musika sortzen. Herri musika tradizionalean sakondu du Zabalak, Europako hainbat herrialde eta Euskal Herria aipatuta. Klase sozialak, herri tradizioa, aisialdia, industria iraultza, estribilloa, erotismoa, Italian sortutako opera, Alemaniako valsa, Frantziako kabareta, Ingalaterrako zirkua, debekuak, zentsura, ereserkiak, Espainiako zarzuela, koplak, Francoren debekuak..., eta bat-batean Euskal Herrian. "XIX. mendean bilbainadak aipa daitezke Euskal Herrian, herri musikatik eratorritako kantak kantatzen zituzten tabernetan. Eta Eduardo Donay eta Nafarroan gaztelaniaz kantatzen zituzten jotak". Saltoa Ameriketako Estatu Batuetara. "Kolonoek eraman zuten foklorea hara; batez ere, kanta kolektiboak eta eliz kantak. Gero etorri ziren kanta abertzaleak edo patriotikoak, hau da, gerora AEBko ereserki bilakatu direnak".

AEBn arreta jarri du musikariak; izan ere, XIX. mendean kultur femomenoa eman zen lurralde horretan: Afrikako eta Europako musikak elkartu ziren, horrek ekarri zuen kulturartekotasunarekin. XX. mendean emandako teknologiaren garapenak lagunduta, musikaren ibilbidean hainbat garapen eman ziren mundu guztian, eta sortu zituzten jazz-a, blues-a, gospel-a, samba, calipso, tangoa eta beste hainbat musika genero, beltzak eta zuriak, arrazakeria, baita dantza modu berriak ere. Gauzak aldatzen ari ziren. Rock-a usaintzen zen jada batean eta bestean. AEBn sorkuntza harago joan zela ere gogoratu du Zabalak, jarioa etengabekoa zela azalduta.

Munduan musika "ugalketa etengabean" zen sasoi hartan, eta genero berriak sortzearekin, gizartean segmentazioa sortu zela adierazi du Zabalak: "Industriaren garapenak tribuen ugalketa ekarri zuen, gizartearen zatiketa, eta hain zuzen ere, horixe da gizartea menderatzeko moduetako bat".

Eta gurean zer?

Euskal Herria munduko gainerako herrialdeetan emandako aldaketa horiek guztietatik kanpo egon zela jakinarazi du: "Berpizkundeak emanda ere, ez zen existitzen". Hala eta guztiz, Euskal Herriko hainbat sortzaile eta musikari ekarri du gogora; izan, izan direlako: "Jose Mari Iparragirre, Pierre Topet Etxahun, Indalezio Bizkarrondo Bilintx, Pierre Bordazarre Etxaun... Zeinen berandu iritsi zen Euskal Herria kantagintza modernora, halako aitzindariak izanda!", adierazi du. "Gurean gerora iritsi zen Ez Dok Amairurekin, zentsurarengandik ihes, herri tradizioa berreskuratu nahian; eta hala egin ziren kantak". Zabalak adierazi duenez, herriaren "morala igotzeko" kantak egiten hasi ziren gero kantautoreak, eta Euskal Herriak kanpoko joerak hartu eta horiei "sen propioa" eman ziotela azaldu du: "Rock and rolla Ipar Euskal Herrian, rock erradikala Hego Euskal Herrian, pop kutsudun kantak...".

Fokua XXI. mendean eta Euskal Herrian jarrita, baina, argi du egoera Zabalak: "Egoera da gazte euskaldun gehiago dagoela, baina euskararen erabilera ez dela handitzen". Eta euskal kulturak bizi dituen hainbat arazo edo arrakala aipatu ditu segidan: "Diskogintza edo musikaren industria kirisian dago; teknologiak autokoizpena ekarri du, eta beraz, errazagoa da musika sortzea; identitate arazoak ditugu...". Eta identitate arazoak aipatzean, genero sorkuntzan jarri du arreta: "Ttriki pop-a euskal generoa dela esan dezakegu". Zabalak, ordea, kezka agertu du hizkuntzari dagokionez. "Euskal Herriko musikaren nortasuna hizkuntza izan da; izan ere, musika kanpokoaren kopia izan da. Orain gizarte kultoagoa gara, gazteek ingelesa ikasten dute, bidaiatzen dute, eta euskaldun petoak ingelesez kantatzen ikusten ari gara".

Hertzainaken abesti baten hitzak ekarri ditu gogora, une batez: "Euskadin rock and rollak ez du dirurik emanen...". Eta horretan berretsi da: "Oraindik ere hala da. Musikari profesional estatusa oso gutxik lor dezakete, nahiz eta gero eta musikari hobeak diren gurean". Dena den, Zabalak dioenez, musikari asko ari da esperimentatzen azken aldian: "Esperimentazioaren garaia da Euskal Herrian". Segidan, hitzaldiaren izenburuari erreparatu dio. "Euskal Herrian hitzari garrantzi handia eman zaio. Bereziak gara, kantagintzari modu serioan heldu diogulako. Poesiaren erabilera ere handia izan da kantetan". Euskal Herrian dantzari baino hitzari garrantzi handiagoa eman izan zaio jakinarazi du.

Horretan berresteko, azken urteetan eman den joera edo loraldia izan du hizpide. Bertsolaritza jarri du adibidetzat: "Bertsolaritzarena hemen soilik gertatzen da. Bertsolaritzaren ekarpena izugarria da. Adibidez, Jon Maiak 200dik gora abestiri jarri dizkio hitzak; Euskal Herriko letragilerik handiena bera izango da". Solasaldiaren bukaeran erotismoa aipatu du Zabalak. "Perreoa, hitz matxistak... Gurean ez da halakorik gertatzen. Guk ez dugu Georgie Dann-ik. Eta ez dakit ona den edo txarra den".

Solasaldia bukatzeko, eta ikus-entzuleak txaloka hasita zirela, hala esan du Igor Elortzak: "Josu Zabala, eskopetarik gabeko bala". Ordu eta erdiz jardun du hark solasean, moderazio handirik behar izan gabe, musikaren ertzak ukituz.