Hementxe bertan

Ana Sofia Arruti: "Gauzak nola diren, azkenean gu izan gara hona etorri garenak"

Mailo Oiarzabal 2020ko urr. 28a, 11:04

Ana Sofia Arruti. (Mailo Oiarzabal)

Venezuelako Valencia hiritik Urrestillara etorri zen Ana Sofia Arruti (Barquisimeto, Venezuela, 1973) duela bi urte eta erdi, senarrarekin, bi seme-alabekin, gurasoekin eta ahizpa gazteagoarekin batera. Bera da 2020ko urriko Uztarria aldizkariaren Hementxe bertan ataleko protagonista.

Nolatan etorri zinen Venezuelatik Euskal Herrira?

Nire aita Urrestillakoa da. 17 urterekin joan zen Venezuelara. Han nire ama ezagutu, eta familia osatu zuten, bi alaba eta seme batekin; ni naiz zaharrena. Orain, espero ez genuela, kontinente honetan gaude, Venezuelan egoera asko okertu zelako. Senarra eta bi seme-alaba ditut. Abentura honi ekitea erabaki genuen, eta dezenteko abentura zen, gu laurok ez ezik, nire gurasoak eta ahizpa ere gurekin etorri behar baitziren; anaia Txilera joana zen ordurako. 2018ko martxoan iritsi ginen hona.

Nola gauzatu zenuten abentura hori?

Hemengo familiarekin harremana mantentzen genuen, baina telefonoz, inoiz ez zitzaigun otu hona bidaiatzea. Aita bai, duela zortzi urte izana zen, gure anaiarekin batera; etxekoak azken aldiz ikusi zituelakoan zegoen. Aitaren arreba zaharrenak beti esaten zigun loteria erosten zuela, sari potoloa tokatuz gero Venezuelara joan ahal izateko. Baina, gauzak nola diren, azkenean gu izan gara hona etorri garenak. Erabaki zaila izan zen. Senarra eta biok ingeniari kimikoak gara, eta hona etortzeak han egina genuen ibilbidea atzean uztea eta zerotik hastea esan nahi zuen. Hala ere, nire kasuan ez da guztiz horrela izan. Aitaren koinata batek nire lanbidearekin zerikusia zuten Azpeitia inguruko lantokien zerrenda bidali zidan eta hona abiatu aurretik hasi nintzen nire egoera azaltzen zuen gutuna eta curriculuma horietara bidaltzen. Zorionez, iritsi eta bi hilabetera lanean hasi nintzen enpresa horietako batean, eta bertan jarraitzen dut.

Nola oroitzen dituzu hona iritsi zineteneko egunak?

Hunkigarria izan zen aitari entzunda edo telefonoz besterik ezagutzen ez genituen izeba-osabak aurrez aurre ikustea. Iritsi eta berehala hasi ginen beharrezko agiriak zuzentzen; horretan asko lagundu zigun lehengusu batek. Hemengo familia izugarrizko babesa izan da guretzat, arau eta ohitura berri askotara egokitu behar izan baikara, nahitaez. Bi urte eta erdi joan dira heldu ginenetik, baina oraindik egokitzen ari garela esaten dugu.

Valenciatik, milioi eta erdi biztanleko hiritik, Urrestillara. Aldaketa nabarituko zenuten...

Bai, noski! Urrestilla txikia eta erosogoa da, umeek askatasun gehiago dute hemen. Gainera, iritsi ginenean, oso ondo hartu zituzten, bai kalean, bai ikastetxean. Hasieran, "plazara goaz" esaten zutenean, senarra irteten zen beraiekin; izan ere, Venezuelan kontua ez zen hemen bezala, han inoiz ez genituen haurrak kalean bakarrik uzten.

Zer moduz euskararekin?

Aitak ez zigun erakutsi; lotarakoan "a lo-lo" esaten zigun, hori bai, baina gehiago ez. Umeak eskolara hasi zirenean ikusi genuen arazo bat genuela, ezin genien-eta etxeko lanekin lagundu, eta han bestela ohituta geunden. Gabezia hori izan zen euskaltegira joatera bultzatu gintuen abiapuntua; hemengo familiarekin lotura estutzeko ere garrantzitsua zela konturatu ginen. Senarra ondo moldatzen da hizkuntzekin eta ni baino irekiagoa da, hark erantzuten die euskaraz berari gaztelaniaz egiten dioten dendariei eta, eta konturatzen zara ezusteko hori zer gustura hartzen duen jendeak. Neu euskaltegian hobeto moldatzen naiz, adibidez, lanean baino. Lantokian azpeitiarrez eta azkarrago hitz egiten dute, eta ez diet hain ongi ulertzen; idazten eta irakurtzen hobeto moldatzen naiz. Aurten B2 mailan hasiko naiz; aurrekoak baino zailagoa dela esan didate, ikusiko dugu.

Harritu zaituen zerbait?

Neska kuadrillak eta mutil kuadrillak daude hemen. Han neska-mutilak nahasian ibiltzen dira. "Nola egiten dute bikoteak sortzeko?", galdetu izan dugu geure artean. Garraioen puntualtasuna eta autobus geltokietan liburuak egotea ere gauza berriak dira guretzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide