Euskal Antzerki Topaketak 2020

Kepa Errasti: "Inork ezin du irudikatu zein zorteduna sentitzen naizen"

Aitziber Arzallus 2020ko urr. 30a, 12:59

(Argazkia: Ttap)

Kepa Errasti (Aretxabaleta, 1981) aktore eta gidoilariak esku hartu duen bi antzelan ikusteko aukera izango da asteburuan Azpeitian, XXXVIII. Euskal Antzerki Topaketen baitan. Batetik, gaur, 19:30ean hasita, Errastik idatzitako Erlauntza taularatuko dute —sarrerak agortuta daude— Soreasu antzokian; eta bestetik, igandean, ordu eta leku berean, Errastiren ideia batetik sortutako Fadoak entzuten zituen gizona. Azken hori, gainera, Xabier Ormazabal eta biek sortutako Xake produkzioak konpainiaren hirugarren lana da.

Zerk jartzen zaitu urduriago, zuk idatzitako lan bat taularatzeak edo zeu taula gainean aritzeak?

Biek jartzen naute urduri, baina nik uste gogorragoa izaten dela zeuk sortutako zeozer kanpotik ikustea, zuzenekoan zuk ez daukazunean ezer egiterik. Taula gainean nagoenean lasaigo egoten naiz. Gainera, niri batez ere aktore izatea gustatzen zait, normalean oso ondo pasatzen dut eszenatoki gainean, eta han nagoenean urduritasunak gutxitu egiten dira.

Erlauntza ez da lan berria; 2018ko uztailean estreinatu zenuten Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Gustura zaude egin duen ibilbidearekin?

Oso gustura. Sekulako ibilbidea egin du, leku pila batetan egon da eta oso ondo funtzionatu du. Antzokiak bete egin dira eta jendea oso gustura irten da emanaldietatik.

Azpeitian ere agortuta daude sarrera guztiak.

Joan garen leku guztietan gauza bera gertatu da. Pandemia aurretik ere, antzoki handietan, 800 eserlekutik gora dituztenetan, sarrera guztiak agortu ziren. Egundoko emozioa sorrarazten dit ikusteak jendeak zer gogo duen antzezlan hori ikusteko. Nik uste dut horretan eragin handia izan duela ahoz ahokoak ere. Viktoria Eugeniako estreinaldian, emanaldi bakoitzean oso jende gutxi sartzen zen, eta sei emanaldi egin genituen. Oso hasiera ona izan zen, eta gero pixkanaka joan da zabaltzen-zabaltzen; kutsatu egiten da hori ere. Alde horretatik, harrituta gaude, eta, noski, oso pozik.

Zer du jendeari horrenbeste gustatzeko?

Ez dakit oso ondo zer izango den, baina nik uste dut izango dela umore mota, umore beltza, komedia puñeteroa dela. Iruditzen zait istorioa bera ere gertukoa sentitzen duela publikoak. Nekazalturismo batera despedida bat ospatzera doazen sei neskaren gorabeherak kontatzen ditu antzezlanak, neska kuadrilla baten asteburu bat, eta badakigu kuadrillen kontuak zer garrantzia duen Euskal Herrian. Eta horrez gain, aktore onak daudela, komedian oso ondo funtzinatzen dutenak. 

Antzokietatik harago ere iritsi da Erlauntza. Datorren ostiralean, azaroak 6, zuk idatzitako antzezlanean oinarrituko filma estreinatuko dute.

Hala da, bai. Mireia Gabilondo zuzendariak eta biok harreman estua daukagu eta aspalditik buruan geneukan ideia zen antzelanean oinarritutako filma egitea. Martxoko konfinamendua eta gero esan zidan baietz, aurrera egingo genuela, eta kristoren ilusioa egin zidan.

Gaur ez zara Azpeitian izango, baina igandean bai, Fadoak entzuten zituen gizona antzezten. Lan hori nahiko berria da; irailaren 18an estreinatu zenuten Tolosako Leidor antzokian. Zer moduzko harrera izan du?

Oso ona. Azken asteetan emanaldi dezente egiteko aukera izan dugu, eta egoera arraro honetan ere, antzokiak bete egin dira; alde horretatik ezin dugu gehiago eskatu. Sekulakoa da zeure proiektu pertsonal batek horrelako arrakasta duela ikustea.

Antzerki Topaketetan aurretik ere egondakoa zara, besteak beste, Mami Lebron eta Lur antzezlanekin, eta 2018an, Lur lanarekin, ikusleen saria eta guzti eskuratu zenuen.

Lur-ekin gertatu zena oso polita izan zen, familiei zuzendutako obra batekin ikuslearen saria eskuratzea lortu genuelako. Transexualitatea lantzen duen lana da, gai oso delikatua, eta oso pozik gaude eman genion trataerarekin eta publikoak egindako harrerarekin. Oraindik martxan gabiltza eta gelditzen zaizkigu emanaldi batzuk.

Zer moduzko plaza da Azpeitia?

Egia esateko lagun dezente daukat Azpeitian, eta haiek beti etortzen dira animatzeko intentzioarekin. Oso giro polita sortzen da Antzerki Topaketen bueltan, jendea gogotsu joaten da antzerkia ikustera eta plaza polita eta beroa da Azpeitikoa.

Garai zailak dira sortzaileontzat, baina zu lanez gainezka zabiltza; telebistan, antzerkian, gidoilari, aktore…

Begiratzen dut ingurura eta inork ezin du irudikatu zein zorteduna sentitzen naizen. Pandemiaren aurretik ere lanean ari nintzen, baina pandemia garaian etorri zait lan kargarik handiena. Egoera dagoen moduan egonda, lanean jardutea sekulako zortea da, batez ere jakinda hurrengo hilabeteetan egoerak ez duela hobera egingo.

Errazena Antzerki Topaketak bertan behera uztea izango zen arren, aurrera egitea erabaki du Azpeitiko Udalak. Hori al da jarrera?

Emanaldiak kolokan jartzeak kristoren pena eta inpotentzia eragiten dit. Honek luzerako joko du eta topatu beharko dugu modua egoera honetan ere emanaldiak aurrera ateratzeko. Ezin dena da dena bertan behera utzi, batez ere kontuan izanda antzerki eta zinema emanaldietako intzidentzia maila oso txikia dela, ia ez dela kutsatzerik gertatu. Fadoak entzuten zituen gizonarekin hamarretik gora emanaldi izan ditugu azken hilabete eta erdian, eta ikustekoa da leku guztietan zer neurri hartzen dituzten eta nola zaintzen duten guztia. 

Zer esango zenieke Antzerki Topaketetako emanaldietara joan edo ez zalantzan dabiltzan herritar horiei?

Animatzeko eta joateko, antzerkia oso aukera ona dela egoera honetatik pixka bat aldentzeko eta tarte batez bada ere burua beste lekura eramateko, beste mezu batzuk jasotzeko; eta gu ikustera etortzen badira kristoren barreak botako dituztela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide