Sakabanaketa politikaren kilometroak arintzen

Anartz Izagirre 2021ko ots. 14a, 09:00
Mirentxin Gidariak ekimenean parte hartu duten azpeitiarrak.

Presoen senideak espetxeetako bisitetara eramateko sortu zen Mirentxin Gidariak ekimena, eta astero-astero hamar furgoneta ateratzen dira Euskal Herritik Espainiako hainbat kartzelatara. Joan zen urtarrilean Azpeitiko sei lagun ibili ziren senideei espetxeetara laguntzen, eta horietako hiruk beren esperientzia kontatu diote Uztarriari.

Pandemia dela-eta erruz mugatu da mugikortasuna, eta Euskal Herritik ez ezik, herritik ere atera ezinda daramatzate zenbait aste euskal herritarrek. Badaude, ordea, astero-astero ezinbestean ehunka kilometro egin behar izaten dituzten herritarrak, euskal presoei eragiten dien sakabanaketa politika medio errepidean orduak igarotzen dituztenak, preso dauden beren senide edo lagunekin minutu gutxi batzuk aprobetxatzeko. Hain zuzen ere, horretarako kilometro mordoa egin behar dituzten herritarrei laguntzeko sortu zen Mirentxin Gidariak ekimena; astero hamar furgoneta inguru ateratzen dira Euskal Herritik Espainiako espetxeetara, eta joan zen urtarrilean zenbait azpeitiar ibili ziren zeregin horretan lanean.

Orhantza Alegriak El Puerto de Santa Mariako (Cadiz, Espainia) espetxera egin zuen bidaia furgoneta gidatzen. Gaur egun euskal presoak urrutien dauden kartzela da hura, eta urte luzez preso asko egon dira bertan, Espainiako espetxerik handiena baita. Urtarrileko bigarren astean joan ziren Alegria eta beste herritar bat furgonetako gidari: "Bidaia guztien plana normalean antzekoa izaten da; 20:30ean Gasteizeko restop batean gelditzen dira furgoneta guztiak presoen senideak eta lagunak jasotzeko, eta gauez egiten da bidaia larunbat goizean espetxeetara iristeko". Bi gidari joaten dira furgoneta bakoitzean, bidaia luzea izaten baita, eta Alegriaren kasuan Bilboko beste furgoneta batekin batera egin zuten Puertorako bidaia: "Bi furgonetetan denera hamar senide eraman genituen, eta lau gidari joan ginen. Gau osoa egin genuen errepidean eta 06:00ak aldera iritsi ginen. Gidariok, ondoren, hotelera joan ginen deskantsatzera".

Azpeitiarraren arabera, "gogorra" izaten da bidaia presoen senideentzat eta lagunentzat, "oso urduri" egoten direlako. Dena den, bidaia bukatutakoan senitartekoak "oso eskertuta" egoten direla azaldu du Alegriak: "Jende batentzat espetxeetara bisitak egiteko aukera bakarra dira Mirentxin furgonetak, beren egoeragatik ezin dutelako bidaia bakarrik egin". Bidaiaren kostuaz ere hitz egin du azpeitiarrak, eta gutxi gorabehera bidaia bakoitza 400 euro inguru kostatzen dela azaldu du. Bestalde, mugikortasun neurriak gorabehera azpeitiarrak azaldu du ez zutela Cadizera iristeko kontrolik pasatu behar izan; dena den, presoen senitartekoek eta lagunek mugitzeko baimena izaten dutela dio. Gidarien egoera, ordea, ez da berdina: "Kontrol batean geldituz gero ez dakit zer gertatuko litzatekeen, baina guk ez genuen arazorik izan Cadizera ailegatzeko".

Espainiako Gobernuaren azken hilabeteetako jarrera ere izan du hizpide azpeitiarrak. Izan ere, euskal preso batzuk Euskal Herriratzen eta beste batzuk gertuagoko kartzeletara eramaten ari dira Espainiako Espetxe Erakundeak —tartean, Gotzon Aranburu azpeitiarra—. Hain zuzen ere, Berria egunkariak aste honetan emandako datuen arabera 151 dira dagoeneko 2018ko ekainetik gaur arte iragarritako gerturatzeak, —mapa honetan ikus daiteke presoen urruntzearen bilakaera datuetan—. Alegriak adierazi duenez mugimendu horiek ere eragina izango dute Mirentxin Gidariak ekimenean: "Asteroko erritmo honekin segituz gero hilabete gutxiren buruan presorik gehienak Madrildik gorako espetxeetan egongo dira, eta Mirentxin furgoneten etorkizuna ere moldatu egin beharko da egoera berrira".

Horren harira, azpeitiarrak adierazi du "egoera berezia" bizi izan zutela Cadizera egindako bidaian: "Gasteizen presoen senideekin elkartu ginenean galdetu genuen ia beren senideetakoren bat gerturatu behar zuten ala ez. Emakume bati Cadizera abiatu baino hiru ordu lehenago abisatu zioten bere semea gertuagoko espetxe batera eramango zutela, eta Puertora bere azken bidaia izan zen egin genuena. 20 urtetik gora zeramatzan bidaia bera egiten, eta bueltakoan jatetxe batean gelditzeko eskatu zigun, hangoa jabeak agurtu nahi zituelako".

Sevillara ere azpeitiarrak

Alegriaz gain beste bost azpeitiar ibili ziren Mirentxin furgonetekin urtarrilean zehar. Ainara Larrañaga da horietako bat. Sevillara (Espainia) egin zuen bidaia Larrañagak beste azpeitiar batekin batera: "Lagun bat bisitatzera zihoan pertsona bat eman genuen furgonetan, baita ama bat eta bere 10 urteko alaba ere". Ama-alaba horien kasua "berezia" izan zela dio azpeitiarrak; izan ere, hiru hilabete ziren neskatoak bere aita ikusten ez zuela, eta "oso urduri" joan zen: "Anaia txikienak urtebete du oraindik, eta titia hartzen ari da. Ama harentzat oso gogorra izan zen ume txikia etxean uztea kartzelara bisitan joateko. Oso une polita izan zen espetxetik bueltatu zirenekoa, alabak sekulako poza baitzuen aurpegian, jakinaren gainean seguruenik beste hiru hilabete pasatu beharko zituela bere aita ikusi gabe".

Sevilla II espetxera joan zen beste herritarretako bat Miren Arrieta izan zen, haiek ere ostiral iluntzean Gasteiztik abiatu ziren Sevillara, eta 05:30 inguruan iritsi ziren. Arrietaren arabera, berarekin furgonetan joan zirenek 11:00etan zuten espetxeko bisita, eta hainbat orduz zain egon behar izan zuten furgoneta barruan. "Batetik, bi neska gazte eraman genituen, baita 40 urtetik gorako gizon bat eta 65 urtetik gorako beste bat ere. Gizon horietako batek, gainera, pakete bat pasatu nahi zion bere semeari, baina espetxeko funtzionarioak ez zion utzi eta paketerik gabe gelditu zen bere semea". Arazoak arazo, Arrietak dio "esperientzia gogorra baina emankorra" izan zela Mirentxinen furgoneta gidatzea, eta senideek "mila modutara" eskertu zietela egindakoa: "Senideen partetik esker ona sentitu genuen, beraientzat sekulako garrantzia duelako halako laguntza jasotzeak".

Mirentxin furgonetak.