Erreportajea

Gustuko lekuan, aldaparik ez

Anartz Izagirre 2021ko mar. 12a, 08:26

Iñaki Isasmendi, Andoni Unanue, Arantxa Larrañaga eta Jesus Rezabal, mendizaleen egoitzan. (Alex Berasategi)

75 urte beteko ditu aurten Lagun Onak Mendi Bazkunak. Sortu zenetik hona herrian sendo errotutako elkartea bilakatu da mendizaleena, eta horren erakusle dira azken urteetan egin dituzten ekintzak. Klubaren historiako presidente izan diren lau herritarrekin bildu da Uztarria, 2021eko otsaileko aldizkarian argitaratutako erreportaje hau osatzeko..

Azpeitiko mendizaleek urte luzez izan dute gotorleku bat, batzeko gune bat eta lurralde osoan zehar esanguratsu bilakatu den kluba: Lagun Onak Mendi Bazkuna. Iñaki Isasmendi Motxak (Azpeitia, 1939), Jesus Rezabal Munatxok (Azpeitia, 1943), Andoni Unanuek (Azpeitia, 1968) eta Arantxa Larrañagak (Azpeitia, 1979) ondo baino hobeto dakite talde horren berri, bertako bazkide izatez gain, bertako presidente ere izan direlako uneren batean edo bestean. Une honetan, Larrañagak betetzen du postu hori.

Egoerak planak aldarazi badizkie ere, laurek diote aurtengoa urtemuga garrantzitsua izango dela klubarentzat. “Kristoren poza ematen dit Lagun Onak Mendi Bazkunak 75 urte betetzeak; ni hasi nintzenean, talde txikiagoa batzen ginen, eta pozgarria da gaur egun klubak martxan jarraitzen duela ikustea”, dio Rezabalek. Unanue ere bat dator: "Lagun Onak Mendi Bazkunak herrian izena lortu du, eta Gipuzkoako klubik garrantzitsuenetarikoa bilakatu da. Gero eta indar handiagoa du, eta jende pila bat elkartzen gara antolatzen ditugun ekintzetan". Xoxoteko Eguna, Txalintxoko Eguna, Euskal Herriko eta
nazioarteko mendietara irteerak... Hamaika dira mendi elkarteak urtero antolatzen dituen jarduerak.

900 bazkidetik gora ditu gaur egun Lagun Onak Mendi Bazkunak –horietatik 662 federatuak–, eta hilean pare bat ekintza antolatu ohi dituzte. Astelehen iluntzeetan biltzen dira zuzendaritzako kideak hil horretako kontuak kudeatzeko. "Ustekabean kontu pila bat batzen zaizkigu astero: hileko ekintzak, Mendizaleen tabernaren eta Xoxoteko aterpearen kudeaketa, danborrada...", dio Larrañagak. Aurten, ohiko ekintzak ez ezik, 75. urteurreneko kontuak batu zaizkiela adierazi du: "Urteko lehen hiruhilekoan Azpeitia inguruan egin ohi ditugu irteerak,eguraldi txarra izanez gero, arazorik ez izateko; udan, berriz, irteera asko inguruotatik kanpo egiten ditugu. Aurten deialdia egin dugu 75. urtemugaren harira jendearen proposamenak jasotzeko, eta horietako batzuk gauzatuko ditugu datozen hilabeteetan".

Urte oparo bezain konplikatua

Osasun krisiak urtemugaren prestaketa zaildu badie ere, hamaika ekintza antolatu ditu Lagun Onak Mendi Bazkunak urte osorako; besteak beste, Mendiko Ahotsak egitasmoa. "Ikus-entzunezkoen egutegi mardula sortu dugu, eta Euskal Herriko eta nazioarteko alpinistak, eskalatzaileak eta beste hainbat hizlari izango ditugu gurean hilero", azaldu du Larrañagak. Horrez gain, 75 urte, 75 tontor, 75.000 metro erronka jarri du klubak: Euskal Herriko zazpi lurralde historikoetako 75 gailur aukeratu dituzte, eta 2021. urtean tontor horiek guztiak egiten dituzten herritarren eta parte hartzaile guztien artean hainbat sari banatuko dituzte.

Bi egitasmo horiez gain, GPSa erabiltzen ikasteko eta lehen sorospenak egin ahal izateko ikastaroak, Azpeitia-Iruñea etapa multzoa zein Azpeitiko mugen barruan egiteko ibilbideak ere antolatu dituzte azken hilabeteetan; azken horiek, osasun krisiak eragindako egoerara egokitzeko helburuarekin. "Konfinamendu garaian jendeak egin zizkigun proposamenetan oinarrituta osatu genituen herriko mugen barruan egin ahal izateko ibilaldiak, jendeak hain ezagunak ez diren bideak ere ezagutu ditzan", dio Larrañagak.

(Alex Berasategi)

Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak ere ohartu dira, pandemiak eragindako itxialdia dela eta, lehen baino jende gehiago ibili dela azkenaldian mendian. Unanuek dio horietako asko "mendizale fortzatuak" direla: "Mendietan orain dagoen masifikazio hori ez zait gustatzen". Isasmendi ere bat dator: "Orain, mendira joateko izugarrizko moda sortu da, eta ez hemen inguruan bakarrik, beste lurralde batzuetan ere bai. Ikusiko dugu hau guztia amaitu ostean horietako zenbat gelditzen diren...". Laurei "kezka" eragiten die mendian jende gehiago ikusteak, askok ez dutelako errespetatzen. "Batzuek zaborra uzten dute mendian. Horiek ez dira mendizaleak, domingeroak baizik. Mendizalea denak ez luke halakorik egingo", dio Unanuek.

Mendiarekiko errespetua lantzea sorreratik da Lagun Onak Mendi Bazkunaren ardatzetako bat. Izan ere, ingurumena errespetatzea ere bada klubaren filosofia: "Garai batean arbolak sartzen-eta ibiltzen ginen, eta halako hainbat ekintza egiten genituen urtean zehar", azaldu du Rezabalek. Unanuek dio egun ere mantentzen dutela arima hori, eta, esaterako, Xoxoteko aterpekoek ere badutela ingurumena zaintzeko ardura: "Aterpean daudenek zaintzaile lanak ere egin behar izaten dituzte. Aterpearen atzean dagoen lokal irekia, adibidez, itxi egin behar izan dugu jendeak, erabili ostean, ez zuelako zaborrik jasotzen".

Klubaren lehen urratsak

Lagun Onak Mendi Bazkuna egun herrian errotuta eta sendo dagoen kluba izatearen arrazoietako bat da aurretik egindako lan guztia. Isasmendi eta Rezabal haurrak zirenean eman zituen lehen pausoak klubak, 1946. urtean. Klubaren 50. urteurrenean argitaratu zuten liburuan agertzen denez, Azpeitiko mendizale talde bat Arauntza mendira igo zen talde berriaren sorrera ospatzeko urte hartako irailean. Horren aurretik, Union Azpeitiana kirol elkartea sortu zen, baina klubak ez du talde haren sorreraren eta ekintzen inguruko informazio handirik.

Hurrengo hamarkadetan, berriz, mendi elkartea apurka-apurka indarra hartzen joan zen, antolatutako mendi irteerak ugaritu ahala. Ondoren, 60ko hamarkadan, sendotzen hasi zen Lagun Onak Mendi Bazkuna: bazkideen kopuruak gora egin zuen eta hamarkada horretan egin zituzten Pirinoetara antolatutako lehen txangoak nahiz lehen ibilaldi neurtua.

Halere, Isasmendirentzat eta Rezabalentzat 70eko hamarkada, Elizkaleko lokala hartu zuten sasoia, izan zen klubaren historiako une enblematikoa. "Ni 1952-53 urteen bueltan egin nintzen bazkide, 13 urte inguru nituela. Orduan Etxe-Zuri tabernako jantokian biltzen ginen elkarteko kideok, ez baikenuen egoitzarik. Lokal hura hartzea oso garrantzitsua izan zen Lagun Onakentzat", dio Isasmendik. Rezabalek ere ondo gogoan du garai hura: “Taberna hartu genuenean Kepa Ibarzabal zegoen presidente. Hasieran jubilatuak ibili ziren Elizkaleko lokala hartu nahian, baina haientzat diru gehiegi zela eta, azkenean ez zuten hartu. Horregatik, guk hartzea pentsatu genuen”.

Sasoi hartan, Elizkaleko lokala "linterneroaren almazena" zela azaldu du Rezabalek, eta lanetik atera orduko hara joaten zirela, taberna ondo jartzen laguntzera: "Lehenengo urteetan zuzendaritzako kideak ibiltzen ginen tabernan lanean, txandaka-txandaka. Bestalde, gogoan dut herritarrek asko lagundu zutela soziedadea sortzerakoan, baita udalak zein tailerrek ere". Baietz dio Isasmendik: "Mendizaleei beti lagundu izan die herriak. Gure elkartea aparteko zerbait izan da herrian, eta jende askok parte hartu izan du ekintzetan ez bada laguntzen".

Bestalde, denak bat datoz Xoxoteko aterpea ireki izana ere klubarentzat "oso garrantzitsua" izan zela esatean. 1984. urtean ireki zuten aterpea, Xoxoteko Egunean, eta ordutik Izarraitzera doazen guztien ezinbesteko geltoki bilakatu da. Haren garrantzia azpimarratu du Larrañagak: "Xoxotera joatea erraztu egiten du goian txorizo pintxoa eta salda zain dituzula jakiteak". Unanuek dio "auzolanaren emaitza" izan zela aterpe hura eraiki ahal izatea: "Herritarrek ez ezik, Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu zuten aterpearen sorreran, eta jendea joaten den bitartean han jarraituko du, mendizaleei zerbitzua ematen". Rezabalek gogoan du aterpea sortu aurretik, ardi txabola batean izaten zela hamaiketakoa egiteko aukera: "Bildotxola artzainak bere txabolan salda egiten zuen, baina txabola hura erre egin zen, eta orduan sortu zen klubeko kideon artean oraingo aterpea egiteko ideia".

1946ko irailaren 29an Lagun Onak MBk Arauntza mendira egindako lehen ibilaldia. (Utzitakoa)

Urtez urte goraka

Lagun Onak Mendi Bazkunak lehen pausoak eman zituenetik denbora asko igaro da, eta horrekin batera, nabaria da urte hauetan guztietan bilakaera handia izan duela klubak, bazkideek eta ekintzek bezala. Unanueren arabera, gaur egun gero eta ohikoagoa da mendira norbere kasa joatea. Hala eta guztiz, kluba sendo dagoela dio: "Asteroko batzarrean biltzen den jendearen lanaren emaitza da egungo arrakasta". Bestalde, Larrañagaren ustez, azken urteetan mendi elkarteak izan duen arrakastaren erakusle dira, esaterako, Azpeititik Hazparnera egindako etapak zein Arrainaren eta Ardoaren Ibilbidea: "Helduen artean sekulako arrakasta izan zuen Bermeotik Bilbora egin genuen ibilbideak, baita horren aurretik Hazparnera egin genituen txangoek ere". Rezabal ere bat dator: "Azpeititik Hazparnera egin genuen ibilaldian herritar asko batu ginen, eta orduan hasi zen jendea martxa hartzen".

Klubaren historian ehunka une polit bizi izan badituzte ere, bat oso gogoan dute denek. "Behin lau etapatan banatutako ibilaldi bat egin genuen: Azpeititik San Adrianera, San Adrianetik Lizarragara, Lizarragatik San Migelera eta handik Azpeitira, lau egunetan. Ibilbidea amaitu genuenean sekulako afaria egin genuen elkartearen egoitzan, eta aste osoan lanera joan ezinda ibili zen jendea, neka-neka eginda", dio Unanuek barrez. Rezabal ere gogoratzen da irteera hartaz: "Urte askoan egin dugun ibilaldirik gogorrenetakoa hura izan zela esango nuke". Une gogoangarriez gain, ordea, momentu latzak ere pasatu izan dituztela aitatu du Unanuek: "Lagun Onak Mendi Bazkunak mendizale asko galdu ditu, bai lehendakariak, bai bazkideak, baita bestelako lagunak ere. Mendian asko ibiltzen gara, eta batzuetan halakoak gertatu egiten dira".

Mantentzea helburu

Egun kexatzeko moduko arrazoirik ez badute ere, Lagun Onak Mendi Bazkunak hazten jarraitu nahi du: "Klubak betiko mehatxuak ditu. Mendizaletasuna beti ikusi izan da bigarren mailako zerbait moduan, eta beste kirol elkarteek jasotzen duten laguntza bera eskatzen dugu. Betiko gerra da hori”, azaldu du Unanuek. Hala eta guztiz ere, taldeari "etorkizun oparoa" ikusten dio hark: "Gaur egungo lantaldearekin, bide onetik doa kluba. Beste herri batzuetako egoera ikusita, ezin gara kexatu".

Larrañagak, berriz, gazteak erakarri behar direla uste du: "Badago hutsune bat elkartean. Haurrak eta gaztetxoak etortzen dira, baina helduen artean gehienak 35 urtetik gorakoak izan ohi dira. 25-35 urte inguruko gazteak klubera batzea lortu beharko genuke". Isasmendi ere bat dator Larrañagarekin: "Adin horretako jendea normalean bere kontura ibiltzen da mendian, eta zailagoa da horiek ekintzetan parte hartzea lortzea". Ildo horretatik, Larrañagak uste du azkenaldian elkarteak izandako azalberritzeak lagundu dezakeela zeregin horretan: "Sare sozialetan lehen baino presentzia handiagoa dugu orain, eta beste freskura bat nabari zaio elkarteari".

Bazkide gehiagorekin edo gutxiagorekin, baina dena ematen jarraitzeko intentzioa dute Isasmendik, Rezabalek, Unanuek eta Larrañagak. "Asko eman dut klubean, baina aldi berean, asko jaso ere bai. Oso lagun onak egin ditut hemen", dio Unanuek. "Garrantzitsua da astero-astero zortzi-hamar laguneko taldea batzea, klubak aurrera egin dezan", dio Rezabalek. Ibilian-ibilian, laurek ikusi dute urtez urte egindako lanak bere fruituak eman dituela; 50. urteurrena ospatu zuten duela 25 urte, eta 75.a ospatuko dute aurten. Akuilua izango da aurtengo urtemuga berentzat; ez, ordea, helmuga. Pasio batek biltzen ditu laurak, mendizaletasunak, eta mendia gustuko duenak ondo daki gailur baten ostean beste bat etortzen dela, eta bidea malkartsua izan arren, etsitzea dela azken aukera. Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek argi dute herritarren babesa duten bitartean zutik jarraituko duela klubak, aldapan gora.