Nerea Mendizabal: "Bortizkeria jotzearekin edo iraintzearekin lotzen dugu sozialki, baina mina gauza gehiagok eragiten digute"

Julene Frantzesena 2021ko ots. 13a, 11:17
Nerea Mendizabal.

Nerea Mendizabalek (Zestoa, 1976) komunikazio ez bortitza oinarri duen eta oraintsu kaleratu berri duen Jirafa hizkuntza liburua aurkeztuko du bihar, igandea, 12:00etan, Sanagustin kulturgunean –saioa Mendizabalen Youtubeko kanalean ere jarraitu ahal izango da, streaming bidez–. Uztarria.eus-ek Mendizabalekin hitz egin du, irakasleei zuzendutako proposamenekin ondu duen liburuaz.

Komunikazio ez bortitza du ardatz liburuak. Zer landu duzu?

Irakasleei zuzendutako proposamenen liburua da, ikasgelan ikasleekin komunikazioa, harremanak, adimen emozionala, emozioak, gatazkak eta abar lantzeko proposamenen liburua. Orri bakoitza fitxa bat da, eta orri horietako bakoitzean dinamika bat dago jasota.

Zergatik erabaki duzu irakasleentzako liburua egitea?

Egin nuen lehen liburua gurasoei zuzendutakoa zen. Oraingoa, berriz, irakasleentzako da, baina ustekabean iritsi da. Ikasturte honetarako, irakasleei zuzendutako online ikastaro bat antolatzen ibili nintzen, eta saioetarako proposamenak dokumentu batean jasota izatea nahi nuen; batetik, irakasleek proposamenak ikasleekin lantzeko; eta bestetik, irakasleek ikastaroan landutakoa praktikan jarri ahal izateko. Proposamenak jasotzen hasi nintzen, eta uda bukatzean ohartu nintzen hura liburua zela, eta ez dokumentua.

Proposamenak jaso dituzu. Zer, adibidez?

Eskola eta ikasgela eremu seguru izateko proposamena landu dut, batetik. Proposamenetako bat da ikasgelak txoko edo eremu bat izatea ikasleek nahiz irakasleek lasaitzea edo norbere buruarekin egotea behar dutenean hara joan ahal izateko. Eremu hori sortzeko eta diseinatzeko proposamenak landu ditut, nolabaiteko leku edo tenplu sakratu bat izan dezagun ikasgelaren barruan. Leku segurua aipatzean, ez da soilik leku fisikoa: gela emozionalki segurua izateko dinamikak jaso ditut, hala nola funtzionamendua nola adostu, zer-nola lortu adostasunak, adostasunik ez den egoerak nola kudeatu... Bestalde, jolasak eta sormena lantzeko proposamenak ere bildu ditut, baita autoestimua, asertibitatea, enpatia eta gatazken kudeaketa lantzeko ere.

Zergatik da garrantzitsua komunikazio ez bortitza lantzea?

Komunikazioa lantzea eta harremanak zaintzea behar dugu gizakiok. Gizakiak harremanetan gaude une oro, eta komunikazioak eramaten gaitu egoera desberdinetara. Komunikazioa lantzerakoan, oso eredugarria iruditzen zait komunikazio ez bortitza; are gehiago, lagungarria egin zait. Niretzat erreminta paregabea da, ulertzeko erraza da eta indartsua harreman guztietarako. Bortizkeria jotzearekin edo iraintzearekin lotzen dugu sozialki, baina mina gauza gehiagok eragiten digute. Garrantzitsua da bortitza eta ez bortitza zer diren ulertzea.

Bizitzen ari garen egoerarekin, areagotu egin da komunikatzeko tresnak lantzea?

Denean nabari da tentsio giroa, baina COVID-19aren garaiotan egur handia ari dira sartzen irakasleei, bai egoera kudeatzearekin, bai emozioak lantzeko beharrarekin. Irakasleak hanka motz daude horretan, unibertsitatean ez dietelako horretan irakatsi. Orain, bat-batean, beren emozioak kudeatzen nahikoa lan dutenean, ikasleenak landu behar dituzte. Gizakiok beti izan ditugu emozioak, gatazkak, garai gogorrak, baina uste dut gaiari eusteko une aproposa dela. Horrenbestez, uste dut garai egokian datorrela liburua.

Garrantzitsua al da irakasleek halako tresnak izateak?

Bai, baliabide bat da, euskarri bat. Liburuko dinamika bakoitza helburu batzuekin lotuta dago, baina batez ere konpetentziekin ere lotu ditut. Izan ere, irakasleei zeharka konpetentziak lantzea eskatzen zaie. Beraz, irakasle batek konpetentzia jakin bat landu nahi duenean, proposamen batzuk aurkituko ditu liburuan, batez ere elkarbizitzari eta izaten ikasteari lotutako ariketak jaso baititut.

Zer garrantzia du haurrekin emozioak lantzeak?

Gizakiok garunarekin eta gorputzarekin jaiotzen gara, baina baita emozioekin eta sentitzeko gaitasunarekin ere. Ume jaioberri batek aktibatuta ditu ja horiek. Ume bat bizitzako lehen hiruzpalau urteetan emozio hutsa da; alferrik esango diozu nekatuta zaudela, haurrak ez du ulertzen hori, gosea dauka, arreta nahi du edo ez dago eroso, eta hori adieraziko du. Emozioen garaia da haurtzaroa, eta helduok uste dugu umeak gure emozioak ulertu behar dituela. Uste dut sentitzen duen hori sentitzeko baimena ematea dela haurrari egin diezaiokegun oparirik onena, ume hori has dadin emozio horiekin erlazionatzen nahiz elkarbizitzen eta horiek kudeatzen. Helduoi ere horixe falta zaigu ikastea, eta aukera polita izan daiteke guk haurrekin batera ikasteko.

Zergatik jarri diozu Jirafa hizkuntza liburuari?

Komunikazio ez bortitzaren autorea Marshall Rosenberg da, eta hark bortizkeria eta ez bortizkeria desberdindu nahi izan zituen. Horretarako, bi animalia erabili zituen, metafora moduan: txakala eta jirafa. Txakalak bortizkeriaren hizkuntza errepresentatzen du eta jirafak ez bortizkeriarena, hau da, bihotzetik bihotzerako hizkuntza. Liburuak horixe jasotzen du: emozioak bihotzetik lantzeko proposamen sorta.

Igandean Sanagustin kulturgunean aurkeztuko duzu lana. Zer-nolako aurkezpena prestatu duzue?

Ez da liburu aurkezpena soilik izango, musika, antzerkia, umorea eta ipuina ere izango dira. Izan ere, uste dut hainbat kode daudela informazioa helarazteko, eta horretarako hainbat aukera ditugu.