Hainbat lagunek egin dute bat "osasun hondamendia eta erakundeen kudeaketa" salatzeko GKSk egindako deialdiarekin

Julene Frantzesena 2021ko ots. 13a, 18:29
Gaurko elkarretaratzeko irudi bat.

Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu! lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur, zapatua, arratsaldea plazan. GKSk salatu duenez, "politikari profesionalek askatasun zibil eta politikoak ezabatu” dituzte azken hilabeteetan, eta kezka adierazi du horrek aurrera begira ezar ditzakeen "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak” tarteko. 

Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu! lelopean, ehundik gora lagunek elkarretaratzea egin dute gaur, zapatua, plazan, Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) egindako deialdiarekin bat eginez. Euskal Herriko hainbat txokotan ari da GKS "osasun hondamendia eta erakundeen kudeaketa" salatzeko protestak egiten, eta gaur Azpeitian gauzatu dute kontzentrazioa.

GKSk salatu duenez, "politikari profesionalek askatasun zibil eta politikoak ezabatu” dituzte azken hilabeteetan, eta kezka adierazi du horrek aurrera begira ezar ditzakeen "aurrekari politiko zein juridiko arriskutsuak” tarteko. Plazan elkartutakoek mendebaldeko estatuek pandemiari aurre egiteko martxan duten estrategiaren "hutsuneak nabarmenak" direla salatu dute: "Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek pandemia kontrolpean edukitzeko gaitasun falta erakutsi dute".

Osasun arazo bati osasun baliabideen horniduraz baino ezin zaiola aurre egin azaldu du GKSk, eta salatu du "burgesiak" osasun larrialdiari "aterabide poliziala" eman diola. Gainera, gizartea epidemiologikoki babesteko eta osasun baliabideak indartzeko beharrezkoa den gasturako "interesik ez" izatea leporatu die agintariei. "Irabazirik sortzen ez dien gasturik egitekotan, nahiago dute puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea". Horrez gain, "ardura politikoa estali nahian, gazteria jo-puntuan" jarri dutela salatu du GKSk.