Koronabirusa Azpeitian

Kasu berri bat zenbatu dute Azpeitian, eta 197,11ra jaitsi da intzidentzia tasa

IƱigo Gaiton 2021ko ots. 23a, 13:36

Apurka-apurka jaisten ari da 100.000 biztanleko intzidentzia tasa, eta asteburuko igoeraren ostean, berriro ere beherantz egin dute kasuek. Urola Kostan, guztira, sei kasu bakarrik atzeman zituzten atzo, horien erdiak Zestoan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, Urola Kostan sei positibo detektatu dituzte azken orduetan. Asteburuko igoeraren ostean, beherantz egin dute berriro positiboek, eta atzo kasu bakarra zenbatu zuten Azpeitian. Hori dela eta, pixkanaka-pixkanaka jaisten ari da 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa; gaur-gaurkoz, 197,11koa da. Joan zen asteartean 387,65ekoa zen tasa; beraz, beheranzko joera gailendu da Azpeitian.

Eskualdean, guztira, sei kasu zenbatu zituen atzo Osasun Sailak; horien erdiak, Zestoan. Intzidentzia tasak gora egin du zertxobait han; 539,29koa zen atzo, eta 564,97koa da gaur. Gainera, Zestoa da tasa 500eko langatik gora duen bailarako herri bakarra.

Beste bi kasuak Zarautzen eta Zumaian atzeman zituzten. Zarautzen berdin jarraitzen du intzidentzia tasak, 231,29an, hain zuzen ere. Zumaian, berriz, igo egin da 231,29ra. Eremu horian jarraitzen dute bi udalerri horiek, Azpeitiak bezalaxe. Gainontzeko udalerriei dagokienez, Aian —251,89ko tasa—, Aizarnazabalen, Azkoitian —66,76ko tasa—, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion —228,31ko tasa— ez dute positiborik detektatu azken orduetan. Izurritearen egoera orokorra hobera egiten ari dela erakusten dute gaurko datuek.

485 positibo Hego Euskal Herrian

Atzo, astelehena, 9.035 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 428 izan ziren positiboak. %4,7koa da positibotasun tasa hiru lurraldeetan. Detektatutako kasuetatik 57 Araban izan ziren, 265 Bizkaian eta 106 Gipuzkoan. Kanpoan bizi diren pertsonen artean ez zen kasurik detektatu. Nafarroari dagokionez, 1.856 proba egin eta gero 57 kasu detektatu zituzten, eta %3,1eko positibotasun tasa dute.

Erietxeetako egoeraren gaineko informazio eguneratua ere eman du Osakidetzak. Horren arabera, atzo 46 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur gaurkoz 134 pertsona daude hiru lurralde horietako ZIUetan, eta RO indizea 0,89koa da.