Familien eta udalaren babesarekin bukatu dute hiru eguneko greba haur eskoletan

Mailo Oiarzabal 2021ko ots. 24a, 19:22
Egungo gurasoak eta haurrak aurreko ikasturteetakoekin elkartu dira Urrestillan, haur eskolako hezitzaileei babesa emateko. (Olatz Altuna)

Leire Goenaga Hezkuntza zinegotzia Uztaro haur eskolako hezitzaileen elkarretaratzean izan da goizean. Urrestillan, berriz, argazki jendetsua atera dute, gaur egungo familiekin eta haur eskolaren erabiltzaile ohiekin.

Haurreskolak Partzuergoko haur eskoletan aste honetako hirugarren eta azken greba eguna izan dute gaur. Bai Uztaron, bai Urrestillako haur eskolan, hezitzaile guztiek egin dute bat ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deitutako grebarekin.

Joan den astelehenean, beren eskaerak babesteko eta partzuergoko haur eskolen aldeko babesa eskatu zuten hezitzaileek, eta izan du erantzuna haien eskaerak. Gaur goizean, Leire Goenaga udaleko Hezkuntza zinegotzia Uztaroko hezitzaileek haur eskolaren atarian egin duten elkarretaratzean izan da. Arratsaldean, berriz, argazki jendetsua atera dute Urrestillako haur eskolakoek. Gaur egun haurrak haur eskola horretara bidaltzen dituzten gurasoek egindako deialdiari erantzunez, gaur egungo erabiltzaileak ez ezik, aurreko ikasturtean haur eskolaren erabiltzaile izan diren hainbat guraso eta ume ere elkartu dira hezitzaileen eskaerei babesa adierazteko.

Goenaga zinegotzia (ezkerrean) Uztaroko hezitzaileekin, gaur goizean. (Uztaro)