Juaristi ISBren asteburuko neurketa, bertan behera

Andoni Elduaien 2021ko ots. 25a, 08:31

Melilla Sport Capital Enrique Soler taldearen aurka aritzekoa zen Juaristi ISB asteburuan, etxean. Melillako (Espainia) egungo osasun neurriek eragotzi dute neurketa normaltasunez jokatzea.

Juaristi ISBren asteburuko partida bertan behera gelditu da. Melilla Sport Capital Enrique Soler taldearen aurka jokatzea egokitzen zitzaien Iñaki Jimenezen mutilei, baina Melillako (Espainia) konfinamendu neurriak tarteko, ISBren aurkariak ez du handik hona etortzerik izango.

Bien bitartean, Juaristi ISBk bere multzoko lidertzan jarraitzen du. Jokatutako hemezortzi partidetatik hamalau irabazi ditu taldeak, eta sailkapenean atzetik duen Zornotza Saskibaloi Taldeari hiru garaipeneko tartea ateratzen dio gaur-gaurkoz.

Zilarrezko LEB Ligako fase erregularra amaitzeko zortzi jardunaldi gelditzen dira. Neurketa horiek guztietatik bost etxean jokatu beharko ditu Juaristi ISBk, eta hiru etxetik kanpo. Azken hiru jardunaldietan, gainera, egun sailkapeneko bigarrena, hirugarrena eta laugarrena diren taldeak izango ditu aurkari ISBk.