San Jose trikiti jaialdiaren XXXI. edizioa izango da hilaren 20an Soreasu antzokian

Anartz Izagirre 2021ko mar. 8a, 11:15

San Jose Trikiti Jaialdiaren XXX. edizioko argazkia. (Ibon Errazu)

Edukiera mugatua dela-eta bi saio egingo dituzte, 16:00etan eta 19:00etan. Guztira, sei bikote eta Fan&GO taldea igoko dira Soreasuko agertokira. Bi emanaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, eta Kulturazen webgunean edo Euskal Herriko Trikitixa Elkartera deituta eskura daitezke.

Urtero bezala hutsik egin gabe dator San Jose trikiti jaialdia. Aurten, jaialdiaren XXXI. edizioa izango da, eta hilaren 20an egingo da Soreasu antzokian. Edukiera mugatua dela-eta bi saio egingo dituzte; lehena, 16:00etan izango da, eta, bigarrena, 19:00etan.

Guztira, sei bikote-hirukote eta talde bat igoko dira Soreasuko agertokira: Alaitz Roteta eta Ainara Saizar, Irma eta Amets, Araitz Etxaniz eta Enaitz Alberdi, Fan&GO taldea, Lurdes Alkorta eta Mailu Sudupe Egurrola, Lidia eta Leire nahiz Xabi Solano, Kristina Solano eta Txus Aranburu.

Sarrerak salgai daude dagoeneko Kulturazen webgunean, eta horiek online hartu ezin dituenak Euskal Herriko Trikitixa Elkartera (943-83 28 28) deituta ere eskura ditzake sarrerak.

XXX. edizioa, ezohikoa

Joan zen urtean bete-betean harrapatu zuen pandemiak San Jose trikiti jaialdiaren XXX. edizioa, eta zortzi hilabete beranduago egin behar izan zuten jaialdia, azaroaren 28an. Edizio berezia izan zen aurrekoa, eta ez COVID-19ak baldintzatutako jaialdia izan delako bakarrik. Izan ere, azken urteetan antolakuntzan ibili diren hainbat pertsonak oroigarri bana jaso zuten: Joxe Mari Iriondo, Mari Karmen Odriozola, Joxe Alkain eta Azpeitiko Udaleko ordezkariak. Joxe Mari Otermin ere bazegoen omenduen artean, baina ezin izan zuen jaialdira joan.