2021eko Martxoaren 8a

Emakume langileen interesen defentsan aritzearen beharra aldarrikatu dute ikasleek

Maialen Etxaniz 2021ko mar. 8a, 12:23

Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolatundeak deituta, hitzaldia eta elkarretaratzea egin dituzte gaur goizean, Emakume langileen interesen defentsan, ikasleok antolatu! lelopean, eta ikasle ugari batu da deialdietara. Hezkuntza eremuan antolatzearen beharrezkotasuna aldarrikatu dute, besteak beste. 

Gaur Martxoaren 8 da, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, eta aldarriz eta salaketez beteko dira beste urte batez Azpeitiko plaza eta kaleak. Eguneko lehen ekitaldiak Azpeitiko Ikasle Abertzaleek egin dituzte. Hain zuzen, hitzaldia eta elkarretaratzea egin dituzte Emakume langileen interesen defentsan, ikasleok antolatu! lelopean.

10:00etan hasita Soreasu antzokian eskaini dute hitzaldia Azpeitiko IAko kideek, eta 250 lagun inguru bertaratu da solasaldira. Zenbait lagun kanpoan gelditu dira leku falta tarteko. Hitzaldian zehar genero auzia lantzeko hezkuntza eremuan dituzten erronkez nahiz emakume langileen interesen defentsan antolatzearen beharraz aritu dira, besteak beste. Hitzaldia amaitzean aldarri bera eraman dute plazara, eta 11:30ean hasita elkarretaratzea egin dute.

Argazkiak: Azpeitiko Ikasle Abertzaleak.