Koronabirusa Azpeitian

Zazpi positibo berri atzeman zituzten atzo Azpeitian

Aiora LarraƱaga 2021ko mar. 11a, 13:23

Azken bi egunetan 11 kasu pilatuta, 200eko langa gainditu du intzidentzia metatuaren tasak. Urola Kostan guztira hemezortzi positibo baieztatu zituen atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak.

Barealdiaren ostean, azken bi egunetan gorako bidea hartu dute berriro koronabirus positiboek Azpeitian. Herenegun lau kasu zenbatu ondoren, atzo zazpi atzeman zituen herrian Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasak ere gora egin du, eta aspaldiko egunetan ez bezala, 200dik gora kokatu da tasa hori (203,68). Gorakada puntuala den ala ez ikusiko da datozen egunetan.

Urola Kostako herrietan guztira hemezortzi positibo azaleratu dira azken egunetan. Azpeitikoez gain, Zarautzen zenbatu dituzte gehienak, bederatzi; gora egin du herri horretako 100.000 biztanleko 14 eguneko tasak: 149,91koa da gaur gaurkoz. Eskualdean zenbatutako beste bi kasuak Aian eta Azkoitian atzeman dituzte. Aiaren kasuan, azken astean detektatutako bigarren kasua da atzokoa –astelehenean hauteman zuten bestea–; ehunekoa da intzidentzia tasa herri horretan.  Azkoitian ere kasu bakarra atzeman dute, eta asteburuan zenbatu zituzten beste bi kasurekin, astebetean herri horretan izan duten hirugarrena da, baina egoera epidemiologikoa ona da Azkoitian, bost mila biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasarik txikiena baitu, 66,76koa, hain zuzen ere.

Ospitaleetan egoera hobetzen

Atzokoan 9.560 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 414 positibo atzeman zituzten. Horietako 201 Bizkaian zenbatu zituzten, 58 Araban, 106 Gipuzkoan eta 47 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Gaur gaurkoz, %4,3koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,32koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoera hobetzen ari da apurka-apurka, apaltzen ari delako koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 31 ospitaleratze berri egon ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 228 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan; Zainketa Intentsiboen Unitateei dagokienez, 100 pertsona daude horietan, herenegun baino bost gutxiago. Nafarroan, berriz, lau lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19a dela dela.