Aizkolariak eta harri-jasotzaileak prest daude igandeko hitzordurako

Anartz Izagirre 2021ko mar. 11a, 19:58

Igandean Izarraitz pilotalekuan izango diren aizkolariak eta harri-jasotzaileak. (Anartz Izagirre)

Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur, osteguna, Izarraitz pilotalekuan. Igandean nor baino nor gehiago arituko dira aizkolarien hiru bikote eta hiru harri-jasotzaile.

Aizkolariak eta harri-jasotzaileak prest dira igandean, hilak 14, Izarraitz pilotalekuan ateak itxita jokatuko diren Urrezko Binakako XXII. Aizkolari Txapelketaren eta Urrezko Harrijasotze Txapelketaren finaletarako. Gaur, osteguna, egin dute bi txapelketen aurkezpena Izarraitz pilotalekuan, eta bertan izan dira igandean nor baino nor gehiago arituko diren kirolariak.

Aizkolarien txapelketan hiru bikote lehiatuko dira: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza nahiz Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Hainbat lan egin beharko dituzte parte hartzaileek. Harrijasotze Txapelketaren finalean, aldiz, hiru kirolari arituko dira lehian: Mikel Lopetegi Urra, Beñat Telleria eta Inhar Urruzuno. Horiek hiru minutuko txandan jaso beharko dituzte ehun kiloko kopa, ehun kiloko kubikoa eta ehun kiloko bola. 12:00etan hasiko da lehia.

Horrez gain, Emakumezkoen Aizkolari Txapelketa eta Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketa ere jokatuko dira igandean. Gainera, Karmele Gisasola Zelai III, Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri-jasotzaileak ere harria jasotzen izango dira igandean.