Juaristi ISBk garaipen estua lortu du Azkoitian

Andoni Elduaien 2021ko mar. 12a, 09:00

Juaristi ISB eta Melillaren artekoa partida estua izan zen. (Argazkia: Mikel Amenabar)

Atzo jokatu zuen Juaristi ISBk Melilla Sport Capital Enrique Soler taldearen aurka otsailaren amaieran atzeratuta gelditu zen neurketa. Gogotik lan egin behar izan zuen taldek denboraldiko hamaseigarren garaipena eskuratzeko.

Juaristi ISBk 73 eta 72 menderatu zuen atzo, osteguna, Melilla Sport Capital Enrique Soler taldea Azkoitiko Elkargunean. Otsailaren amaieran atzeratuta gelditu zen neurketa berreskuratu zuten bi taldeek; izan ere, konfinamendu neurriak tarteko, Melillako (Espainia) taldeak otsailean ez zuen Azkoitira etortzerik izan. 

Neurketak ez zuen itxura onik hartu lehen bi laurdenetan. Bisitariek hamabi puntuko tartea ireki zuten atsedenaldira iritsi aurretik. Lehen laurdena parekatua izan zen, 19 eta 21 amaitu baitzen; bigarren laurdenean, ordea, ISBk baino hamar puntu gehiago –15 eta 25– saskiratu zituzten kanpokoek, eta horrela, atsedenaldira 34 eta 46 iritsi zen partida. 

Hirugarren laurdenean, Juaristi ISBk bestelako itxura erakutsi zuen. Saskiaren aurrean fin agertu zen Iñaki Jimenezen taldea, eta Melillako taldeak lehen bi laurdenetan egindako lana berdindu zuen 28 puntu saskiratu eta hamasei jasota. Norgehiagokaren epaia azken laurdenak zuen, beraz. Puntu gutxiko hamar minutu izan ziren; Juaristi ISBk 11 puntu saskiratu zituen eta Melillako taldeak hamar.

Azken hamazazpi segundoetan, baloi jabetza kanpoko taldearena izan, eta beren eskuetan izan zuten garaipena lortzeko saskiratzea. Barneraldian, ordea, Ibon Guridi kapitainarekin egin zuten topo melillarek. Azpeitiarrak goi-goian bi eskuekin jarri zion txapela aurkariari, eta horrela, ISBk denboraldiko hamaseigarren garaipena eskuratu zuen.

Kevin Buckingham izan zen taldeko saskiratzaile nagusia, 21 puntu saskiratuta. Ibon Guridik ere 15 puntu saskiratu zituzten. Baloraziorik onena lortu zuen jokalaria, berriz, Shemar Deion Bute izan zen; herbeheretarrak 21 puntuko balorazioa lortu zuen.

Hogei neurketa jokatu dituzte gaur-gaurkoz Zilarrezko LEB Ligan, eta horietatik hamasei irabazi ditu Juaristi ISBk. Grupo Alega Cantabria da egun bigarren sailkatua, eta haiek partida bat gutxiago jokatuta dauden arren, bi garaipenera dute Kantabriako (Espainia) taldea. Fase erregularra amaitzeko sei neurketa gelditzen zaizkio Juaristi ISBri.