Labaka eta Aizpuru III.a Oriamendi Txapelketako finalerdietara sailkatu dira

Andoni Elduaien 2021ko mar. 12a, 10:38

Jagoba Labakak sailkapeneko lehen postua du ligaxkan.

Labakak lehen postua lortu du ligaxkan, eta Aizpuru III.a hirugarren sailkatu da. Finalerdiak martxoaren 18an jokatuko dituzte.

Jagoba Labaka eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.a erremontista azpeitiarrak Oriamendi Txapelketako finalerdietara sailkatu dira. Atzo, osteguna, jokatu zituzten lehen faseko azken jardunaldiko partidak, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Urrutia II.ak eta Aizpuru III.a azpeitiarrak 40 eta 38 galdu zuten ligaxkako azken partidan Segurola eta Zaldua I.aren aurka. Labakak, berriz, martxoaren 4an jokatu zuen ligaxkako azken partida; Goikoetxea V.a erremontista lagun, 40 eta 36 irabazi zioten Etxarriri eta Zubiriri.

Goikoetxea V.ak eta Labakak lehen postuan amaitu dute ligaxkako fasea, hogei puntu batuta; bigarrenak izan dira Segurola eta Zaldua I.a, hamasei punturekin; hirugarrenak Urrutia II.a eta Aizpuru III.a, hamalau punturekin; eta sailkapena lortu duen azken bikotea Mirubia-Martirena izan da, hamar puntu eskuratuta. Zaldua II.ak-Larrañagak zazpi puntu batu dituzte eta Etxarrik eta Zubirik lau puntu; azken bi bikoteak txapelketatik kanpo gelditu dira.

Finalerdiak martxoaren 18an jokatuko dituzte Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa). 17:30ean hasita, Goikoetxea V.ak eta Labakak osatutako bikoteak Mirubia-Martirena bikotearen aurka jokatuko du lehen finalerdia. Bigarren finalaurrekoan, berriz, Segurola-Zaldua II.a eta Urrutia II.a-Aizpuru III.a bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago.