Koronabirusa Azpeitian

Kasu positiboak igo egin dira Azpeitian azken astean, baina intzidentzia tasak behera egin du

Andoni Elduaien 2021ko mar. 12a, 13:15

Azken zazpi egunetan hamazazpi kasu positibo zenbatu dituzte herrian, baina intzidentzia tasa joan den ostiralekoa baino baxuagoa da.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak koronabirusaren bilakaeraren inguruan kaleratu berri duen txostenaren arabera, atzo bi kasu positibo zenbatu zituzten Azpeitian. Azken zazpi egunetan, guztira hamazazpi kasu positibo detektatu dituzte herrian. Astebetean gora egin dute kasuek; izan ere, hamabost kasu atzeman zituzten otsailaren 26tik martxoaren 4ra bitartean. Azken hamalau egunetako intzidentzia tasa, berriz, nahikoa egonkor mantendu da herrian. Gorabehera batzuekin, baina eremu horian mantentzen da Azpeitia. Tasa 210,25ekoa da Azpeitian gaur-gaurkoz, joan den ostiralean Osasun Sailak emandakoa baino baxuagoa: 223,39koa zen orduan.

Urola Kosta eskualdean, berriz, guztira hamasei kasu positibo atzeman zituen atzoko probetan Osasun Sailak, eta kasu horien erdiak baino gehiago Zarautzen baieztatu zituzten. Bederatzi kasu positibo baieztatu zituzten atzo han, eta intzidentzia tasa 171,33koa da orain. Azken astean 33 kasu zenbatu dituzte Zarautzen, eta ondorioz, gora egin du intzidentzia tasak astebetean; izan ere, joan den ostiralean 98,51koa zen zenbatekoa, eta egun 171,33koa da.

Azkoitian, berriz, hiru kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Sei kasu baieztatu dituzte azken zazpi egunetan han, eta intzidentzia tasak behera egin du zerbait. 91,80ko tasatik 83,45era jaitsi da zenbatekoa Azkoitian. Zumaian, bestalde, bi kasu positibo hauteman zituzten atzo. Zumaian, aldiz, gora egin du intzidentzia tasak azken astean. Azken zazpi egunetan bost kasu positibo detektatuta, 91,58ko tasatik 101,76ra igo da datua.

Eskualdeko gainerako herrietan, atzo ez zuten kasu positibo berririk atzeman. Orion azken zazpi egunetan sei kasu positibo zenbatu dituzte, eta egun intzidentzia tasa 130,46koa da; joan den ostiraleko datua baino baxuagoa da, 179,39koa baitzen tasa hilaren 5ean. Zestoan, ostera, azken astean bost kasu detektatu dituzte. Intzidentzia tasa altua izaten jarraitzen dute han, baina behera egin du zazpi egunetan; 436,57koa da tasa orain Zestoan. Aian bi kasu zenbatu dituzte azken zazpi egunetan, eta bana Aizarnazabalen eta Errezilen. Astea kasu positiborik hauteman gabe pasatu dute Beizamak eta Getariak.

400 kasutik gora

Azken egunetako joera hautsiz, atzo kasu positiboek gora egin zuten berriz ere Hego Euskal Herrian; izan ere, 447 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 7.291 test diagnostiko egin zituzten, eta 380 kasu positibo zenbatu zituzten. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian 196 positibo baieztatu zituzten, 138 Gipuzkoan eta 44 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren bi lagunek ere positibo eman zuten PCR eta antigeno probetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %5,2koa da positibotasun tasa. Nafarroan, aldiz, 1.907 proba egin zituzten eta 67 kasu atzeman zituzten. Positibotasun tasa %3,5ekoa da Nafarroan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetako egoerari dagokionean, atzo 41 lagun ospitaleratu zituzten eta, gaur-gaurkoz, COVID-19a duten 230 herritar daude erietxeetan, horietatik 95 Zainketa Intsentsiboetako Unitateetan (ZIU). Oro har, behera egin dute erietxeetako datuek azken astean. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea puntu batera iritsi da berriz ere; zenbateko horrek etenik gabe egin du gora azken egunetan.