Inoiz baino beranduago, baina inoiz baino ilusio eta gogo gehiagorekin

Julene Frantzesena 2021ko mar. 12a, 18:14

Ainhoa Bereziartua, Malen Astigarraga eta Eguzkiñe Peña Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeko kapitainak.

Lagun Onakeko emakumeen lehen taldeak bihar, zapatua, ekingo dio bigarrenez, urrian partida bat jokatuta bertan behera gelditu zen 2020-2021 denboraldiari. Deban jokatuko dute Ohorezko Erregional Mailako neurketa, 16:30ean hasita, eta partidaren atarian taldeko hiru kapitainekin elkartu da Uztarria.eus. Denboraldiaren gorabeherez, bizitako egoeraz nahiz sasoirako dituzten erronkez hitz egin dute Malen Astigarragak (Azpeitia, 1998), Ainhoa Bereziartuak (Azpeitia, 1993) eta Eguzkiñe Peñak (Azpeitia, 1992).

Denboraldia zeharo berandu hasiko duzue aurten. Nola bizi izan duzue irailetik honako tartea?

Malen Astigarraga: Egia esan, gorabehera asko izan ditugu. Urrian eman genion denboraldiari hasiera, beste urteetan baino zerbait beranduxeago, baina partida bakarra jokatzeko aukera izan genuen. Ondoren, Gabonen inguruan, berriz hasi ginen entrenatzen, denboraldia otsailaren hasieran hasiko zen zurrumurruak zeudelako, baina, azkenean, orain arte luzatu da hasiera epea. Beraz, ez da oso erraza izan etena.

Eguzkiñe Peña: Talde dinamika onean hasi ginen. Entrenatzaile berriak genituen, eta intentsitate handiko entrenamenduak zein taktikoki landuak egiteaz gain, talde giro polita genuen; gustura eta gogoz ikusten nituen taldeko kide denak. Ez da erraza izan, baina prest gaude denboraldi hasieran jarritako erronkei aurre egiteko.

Ainhoa Bereziartua: Bagenekien aurtengo denboraldia arraro samarra izango zela. Izan ere, jakinaren gainean geunden beste urteetan baino zertxobait beranduago hasi behar genuela. Halere, ez genuen espero partida bat jokatu eta orain arte geldirik egotea. Ilusioa ez dugu galdu, nahiz eta geldirik egon garen hilabete sorta honetan.

Nola prestatu zarete azken asteetan?

M.A.: Ez dugu denbora gehiegirik izan prestatzeko. Gabonetan hasi ginen berriz ere entrenatzen, baina urtarrilean herrian zegoen egoeraren ondorioz, berriro gelditu behar izan genuen aste batzuez. Denbora asko daramagu futbolean jarraian aritu gabe, eta aste gutxi batzuk izan ditugu dena prestatzeko. Uste dut hori nabarituko dela denboraldi hasieran, normala da. Hala ere, ahal genuen ondoen prestatzen saiatu gara, eta talde guztiak egongo gara egoera bertsuan; beraz, ez nau gehiegi kezkatzen.

E.P.: Ahal den moduan aritu gara. Hala ere, futbola ez zen beste kirol batzuk egin ditugu: mendira joan, paseoak... Pentsa, egun batean Ainhoa, Malen, bi entrenatzaile eta taldeko ordezkaria nire etxerako materiala igotzen jarri nituen asteburu batean... [barrez]. Edozein aitzakiak balio zuen kirola egin eta batera denbora pixkat pasatzeko.

A.B.: Ilusioz beterik eta entrenamendu ezberdinak eginez hasi ginen denboraldia prestatzen, baina ezin izan dugu nahi adina entrenatu. Ahal izan dugun momentu guztietan aprobetxatu dugu prestatzeko. Denboraldia hastera doanez, azken hiru asteetan hiruna entrenamendu egin ditugu.

Nola moldatzen zarete entrenatzeko?

M.A.: Orain arte, talde txikietan entrenatzen genuen, elkarrekin ahalik eta gutxien nahasteko eta kutsatzeko aukerak nolabait murrizteko. Baina orain, denboraldiarekin hastear gaudela, entrenamenduak normaltasunez hasi gara egiten, azken finean partidetan ere denok elkarrekin egon beharko baitugu. Hori bai, kiroldegian dauden neurriak betez aritzen gara; adibidez, aldagelarik ezin dugu erabili.

E.P.: Gure esku dagoen guztia egiten ari gara. Erraza ez izan arren, neurri guztiak betetzen ari gara. Uste dut egoerara moldatzea guri baino zailagoa egin zaiela entrenatzaileei, beraiek antolatu behar izan zituztelako burbuilak eta.

A.B.: Bai, eta bakoitzak bere ur botila eramaten dugu entrenamendu saioetara. Arropak jantzita joaten gara futbol zelaira, eta entrenamendua amiatzean etxean dutxatzen gara. Orain, behintzat, denok batera entrenatzeko aukera daukagu.

Zer moduzko taldea osatu duzue?

M.A.: Oso gustura nago taldearekin, uste dut talde polita dugula. Taldean baja batzuk izan ditugu irailaz geroztik, baina haien ordezko errefortzu batzuk sartu ditugu, eta indartsu ikusten dut taldea; bai entrenatzaileak, bai jokalariak.

E.P.: Taldea sendo ikusten dut. Futbolari gazteak ditugu taldean, baina maila honetan esperientzia handia dutenak ere bai. Entrenatzaile talde honekin lehenengo urtea den arren, oso ondo konektatu dugula uste dut. Horiek zer nahi duten garbi du taldeak, eta nabarmena da talde giro polita dugula. Lagun Onakera bueltan etorri nintzenetik izan dudan talderik osatuena orain dugula esatera ausartuko nintzateke, eta igoeragatik borrokatzeko gai garela iruditzen zait. Motibatuta gaude.

A.B.: Talde polita daukagu eta giro paregabea, inoiz baino hobea. Hori oso baliagarria da niretzat, denboraldia gogor hasteko. Denboraldi hasieratik pixka bat aldatu da taldea, baina talde gaztea izanagatik, sendoa ere badela esango nuke.

Nolako denboraldia izango dela aurreikusten duzue?

M.A.: Ezohiko denboraldia izango da, hori ziur. Badakigu gauzak izugarri alda daitezkeela aste batetik bestera, eta denboraldiaren bilakaera pandemiaren bilakaeraren araberakoa izango da. Dena iragarrita dagoen bezala joango dela espero dut; ea denboraldia hasi eta amaitzeko aukera izaten dugun oraingoan.

E.P: Denboraldia aurreikustea oso zaila dela iruditzen zait uneotan, pandemiaren bilakaeraren arabera dena guztiz alda daitekeelako momentu batetik bestera. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara: zelaira denok batera sartzeko entrenamendua baino hamar minutu lehenago elkartzen gara, arropaz aldatuta joaten gara, entrenatzaileek maskararekin pasatzen dute entrenamendu guztia, bakoitzak eramaten du bere ur botila eta entrenamenduan erabili beharreko materiala... Egoera ez da erraza entrenatzaileentzat nahiz jokalariontzat, lehendik genituen ohiturak aldatu egin direlako, baina hauxe da dagoena eta aurrera egitea tokatzen zaigu.

A.B.: Denboraldia zeharo ezberdina izango da. Alde batetik, taldearen nahiz lehiaketaren antolaketa oso bestelakoa da. Hasieran, taldetxoetan banatuta hasi ginen entrenamenduak egiten, denok batera ez konfinatzeko. Baina denboraldiak hasi behar zuela eta, entrenamenduak aldatu egin dira, eta denok batera entrenatzen dugu. Lehiaketari dagokionez, formatua aldatu egin da, eta partida bakarra jokatuko dugu talde bakoitzaren aurka. Denboraldia motzagoa izango da, baina ilusioak eta helburuak berberak izaten jarraitzen dute. Hasi eta amaituko den denboraldia izatea espero dugu.

Inoiz baino motzagoa izango da 2020-2021 denboraldia. Horrek sortzen al dizue kezkarik?

M.A.: Ez, kezkarik ez dit sortzen. Argi dago desberdina izango dela eta gure ligaren formatua aldatu egin dela; izan ere, orain joaneko partidak soilik jokatuko ditugu, itzulerakorik gabe, eta partida horien ostean, mailaz igotzeko fasea jokatuko dute lau taldek. Denboraldia motzagoa izango da, bai, baina bere xarma izango duela uste dut.

E.P.: Partida bakoitza final moduan hartzeak aparteko motibazioa eman behar digu. Motza izango da denboraldia, baina sentipen onak ditudala aitortu behar dut. Zerbait ona aterako den itxaropena daukat.

A.B.: Ezberdina izango da, eta nik uste adrenalina gehiago izango dugula partida bakoitzean. Inoiz izan ez dugun liga formatua daukagu parez pare, eta Euskal Ligara igotzeko finalaurrekoa eta finala ere hor daude. Horrek bere xarma izango du; izan ere, beste urteetan lehen postuan sailkatzen zen taldea igotzen zen mailaz . Orain urduritasuna besterik ez da egongo gure inguruan.

Denboraldiari begira, zer helburu jarri diozue zuen buruari?

M.A.: Hainbeste denbora futbolean aritu gabe egon ostean, helburu nagusia disfrutatzea izango da. Saiatuko gara dugun guztia ematen eta ahalik eta denboraldi txukunena egiten. Denboraldiari amaiera polit bat emateko gai bagara, hobeto.

E.P.: Malenek esan duenarekin ados nago. Azken urte hau ez da erraza izan inorentzat, eta garbi dago disfrutatzeak izan behar duela helburua. Nik lehiakortasunari ere begiratzen diot; astean hiru entrenamendu ez ditugu egiten disfrutatzeko soilik. Polita izango litzateke taldea goian ikustea, merezi dugula uste dut, baina pausoz pauso eta partidaz partida joan behar dugula iruditzen zait.

A.B.: Argi dago gozatzea dela helburu nagusienetako bat. Hala izan da beti, baina ez dut gezurrik esango: gure helburua Euskal Ligara igotzea ere bada. Abuztuan jarri genuen helburua hori izan zen eta horrexekin jarraitzen dugu.

Denboraldiari ekiteko gogoz al zaudete?

M.A.: Bai, esango nuke denok gaudela denboraldiarekin hasteko gogoz. Kontuan izan behar da ez dela aurtengo denboraldia soilik izan arraroa; aurrekoa ere ezin izan genuen amaitu, eta azkenean denbora asko pasatu dugu futbolean aritzeko aukerarik gabe. Uste dut hori nabaritzen dela taldean. Denok gaude berriro jokatzen hasteko irrikitan, horixe gustatzen baitzaigu.

E.P.: Arlo pertsonalean, bai. Lesio baten ostean, berriro jokatzeari ekin nion aurreko denboraldian, eta ezustean bukatu zen lehia. Jokatzeko gogoarekin gelditu nintzen. Denboraldi berria gogotsu hasi nuen, taldean aldaketak egon zirelako eta aldaketa horiek gustuko nituelako, baina berriro ere gelditzeko agindua jaso genuen. Oraingo honetan, lehia aurrera doala dirudi, eta taldea gogotsu eta motibatuta ikusten dut. Nabarmena da lehiaketa astean sartuta gaudela: entrenamenduetan beste jarrera bat nabaritzen da, seriotasun puntu bat dago jada. Jokatzeko gogoz gaude, eta gustatzen zaigunaz gozatzeko prest.

A.B.: Bai, denok gaude gogotsu, bai entrenatzaileak, baita taldekideak ere. Gustatzen zaigun kirola da futbola, eta hainbeste denbora geldirik egon eta gero, berriro ekiteko irrikaz gaude. Aurreko denboraldia ez genuen amaitu, eta aurtengoa ez dugu hasi oraindik. Nabaritzen da taldeak denboraldia hasteko gogoa eta ilusioa duela; beraz, eutsi diezaiogun horri!