Azpeitiarren doinuak

Olatz Praten euskal kanta gogokoenak

Uztarria.eus 2021ko abu. 18a, 08:32

Olatz Prat abeslaria.

Olatz Prat abeslaria da Uztarria.eus-ek udan martxan jarri duen Azpeitiarren doinuak serieko bigarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin bategatik.

  • Zure tristura (Imanol): "Imanolen heriotzaren 10. urteurrenaren harira, asko entzun eta abestu dut Imanol. Kantu honek bereziki hunkitzen nau, abesterakoan batez ere. Izugarria da, interpretaziorako aukera asko ematen du, hegan egiteko doinuekin eta hitzekin". 

  • As noites da Radio Lisboa (Itoiz): "Ez da Itoizen kanta esanguratsuenetakoa, ezta ezagunenetakoa ere, baina niretzat badu zerbait berezia abesti honek; letra, abesteko modua, jazz ukitua...".

  • Ate ttipia (Willis Drummond): "Willis Drummondek beti astindu izan dit barrena; batzuetan, rock biziarekin eta zakarrenarekin; besteetan, balada mantsoagoekin... Abesti honek bietatik du, eta harrapatu egiten nau". 

  • Jaio naiz (Libe): "Kanta hau bere sinpletasunak egiten du eder. Ahotsa (ez edonolakoa!) eta pianoa, eta doinuak bezain garrantzitsu diren isiltasunak, isiltasunak ere musika baitira. Letra ere indartsua du: "Altxatuko naiz, erortzen ikasteko". Ze askatzailea den mozorroa kentzen duzun une hori... Bideoklipa ere asko gustatzen zait".

  • Ostatuko neskatxaren koplak (Oskorri): "Oskorrirenak asko, baina bat hautatzekotan, hau. Doinua oso ederra da, txikitatik beti gogoan duzun horietakoa. Hitzek eta metafora ugariek, berriz, urteekin hartu dute niretzat zentzua. Ruperrek kantatutako bertsioa bereziki dut gustuko".