Sanjuandegiko festak 2022

Gaztetxoek gogoz hartu dute Sanjuandegiko barraken eguna

Maialen Etxaniz 2022ko eka. 2a, 20:55

Herritarrek 17:00etatik 21:00etara bitartean barraketan ohi baino prezio merkeagoan ibiltzeko aukera izango dute, eta jende ugari bertaratu da epaitegiaren aurreko plazara. Une batez euria egin duen arren, eguraldiak ez du jendea uxatu. 

Jende ugari bertaratu da gaur arratsaldean epaitegiaren aurreko plazara. Barraken gunea jendez bete da gaur, ekainak 2, Sanjuandegiko festen barruko barraken eguna izan baita. Hori dela eta, herritarrek ohi baino prezio merkeagoan erosi ahal izan dituzte barraketako txartelak, 17:00etatik 21:00etara. Eskaintzan iraun duen denboran jende ugari ibili dan joan-etorrian, eta 18:00ak aldera zaparrada bota duen arren, herritarrek ez dute barrakez gozatzeko aukera galdu nahi izan. 

Datozen egunetan musikarik gabeko ordutegia ere izango da barraketako gunean, Marea Urdinaren eta Azpeitiko Udalaren elkarlanari esker. Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako une egokiagoak sortzeko xedez ezarri dituzte musikarik gabeko tarteak: ekainaren 2an ez da musikarik izango , eta ekainaren 4an eta 5ean, berriz, goizetik 18:00etara arte kenduta izango da musika.