Udal eta foru hauteskundeak 2023

Jabier Altuna: "Industria bultzatzea izango da gure lehentasuna"

Maialen Etxaniz eta Aitziber Arzallus 2023ko mai. 24a, 11:00

Zortzi urtez, 2003tik 2011ra, Azpeitiko Udalean zinegotzi izandakoa da Jabier Altuna (Azpeitia, 1966); baina hurrengo agintaldian herriko alkate izan nahi luke. Bera da EAJren alkategaia maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako.

Datozen lau urteetan Azpeitiko alkate izateko prest zaude. Erraza izan al da erabakia hartzea? Erraza izan al da zure burua aurkeztea?

Ez, ez da erraza izan. Ardura handia da, eta beti dauzkazu zalantzak: gauzak nola aterako diren, balioko al duzun... Erantzukizun handia da, eta kostatu egin zait erabakia hartzea, batez ere, familiagatik. Beraiekin kontsultatu nuen, baietz esan zidaten, eta aurrera egitea erabaki nuen.

Talde berrituarekin dator EAJ. Zer moduzko taldea osatu duzue?

Ni oso gustura nago. Talde berria da, uste dut afiliatuen eta independenteen arteko oreka egokia dela, eta energia freskoa ekarriko duen taldea dela. Leku denetan kostatu da taldeak osatzea, eta egia esan, guri ere ez zaigu erraza egin, baina oso gustura nago egin dugun taldearekin.

Bukatzear den agintaldiari begira jarrita, nola balioetsiko zenuke EAJren udal taldeak egin duen lana, eta nola Azpeitiko Udalak egin duena?

Udal bat kudeatzea inoiz ez da lan erraza, eta pandemia batek are gehiago zailtzen du hori. Gure taldeak lan ona egin duela uste dut, errespetuzko oposizioa izan dela, oposizio eraikitzailea. Gai askotan ados egon gara udalarekin, baina alderdiaren postura azaldu behar izan denetan, udalari kritika egin behar izan zaionetan, egin dugu, eta uste dut egoki egin dugula.

Datorren lau urteei begira jarrita, zeintzuk dira EAJk Azpeitirako dituen lehentasunak?

Guk nahi duguna da gizarte kohesionatu bat, eta hori lortzeko, bizi mailak egokia izan behar du. Ni irakaslea naiz eta soldata duina daukat, eta herritar batzuk hala daukagu, baina, zoritxarrez, ez da hori azpeitiar denen egoera. Egia da Azpeitiko eta, oro har, Urola Kostako langabezia tasa txikiagoa dela Gipuzkoakoa baino, baina azken krisialdiaren ondoren, azpeitiar askok herritik kanpo bilatu dute lana, eta herrian lan egiten duten askoren soldatak ez dira duinak. Jakinda soldata duinak batez ere industrian daudela, industria bultzatzea izango da gure lehentasunetako bat. Izan ere, industriak herriko ekonomian duen pisua geroz eta txikiagoa da, industriako enpleguak galtzen ari dira, herritarren batez besteko errenta jaisten ari da, eta iruditzen zaigu horri buelta eman behar diogula. Horretarako, pentsatzen dugu egokia dela herrian industria modernoarekin lotuta dauden ikasketak izatea. Iruditzen zaigu herrian ikasketa berrien foku bat sortzen badugu, horren inguruan enpresa berriak sor daitezkeela, eta horrek lagun dezakeela egoera honi buelta ematen.

Lehentasun nagusia hori izango da, baina beste erronka batzuei ere aurre egin beharko diegu; adibidez, etxebizitzen gaiari. Alokairuko etxebizitzak, babestutakoak eta abar falta dira herrian. Esan dezaket gu udalean egon ginen azken zazpi urteetan, babestutako ia 300 etxebizitza egin genituela. Horretaz aparte, merkatarien egoeran ere jarriko dugu arreta. Dendarien egoera, batez ere pandemiaren ondoren, okertzen joan da. Nik uste horretan eragin handia izan duela Internetek; orain dela hogei urte inork ezin zezakeen pentsatu Internetek merkataritzan zer eragin izango zuen; beste faktore batzuk ere badaude, baina nagusiena hori izan da. Ez daukagu horri buelta emateko makilatxo miragarririk. Eta udalak zer egin dezake? Ezer gutxi. Krisian dagoen sektore bat izanik, laguntzak ematen zaizkio, baina guk pixka bat haratago joatea planteatzen dugu, eta proposatzen dugu laguntza zuzenak ematea, tasak jaitsita.

EAJren lehentasunak lirateke horiek. Ildo beretik joango al lirateke Azpeitiak herri bezala datozen urteetarako dituen erronkak ere?

Nik uste, baietz.

Trantsizio energetikorik ez duzu aipatu, eta hain justu, hori da azkenaldian herrian hautsak gehien harrotu dituen gaietako bat. Gai horri dagokionez, azpeitiarrek zer espero behar dute EAJren partetik?

Atzo jakin genuen –maiatzaren 11n egindako elkarrizketa da– Eusko Jaurlaritzak hasierako onarpena eman diola Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari, eta oraindik ez dugu denborarik izan behar bezala aztertzeko. Sañoako proiektuari buruz esan dezakeguna da, ez dagoela Azpeitiko Udalaren esku. Etortzen baldin bada, prozesua luzea izango da eta tramite asko gainditu beharko ditu. Gainera, Jaurlaritzak onartu duen plan horretan jartzen duena da tokia bera ez dela oso egokia horrelako proiektu bat eraikitzeko. Prozesu guztia eginda, bukaerara iristen bada eta gure eskuetara iristen bada, guk babestu egingo dugu eta onartu egingo dugu; baina lekua ez zaigu gehiegi gustatzen. Beraz, babestuko dugula diodan bezalaxe, esaten dut saiatuko garela proiektua aldatzen.

Energia berriztagarriez ari garela, herrian bada beste proiektu bat ere: Ekindar. Horren inguruan ere jarrera kritikoa izan du EAJk, batez ere kokapenagatik.

Oro har, horrelako proiektuen alde gaude, baina, kasu honetan, 2013an EH Bilduk eta EAJk 2013an onartutako arauetan jartzen duen lur horiek babestutakoak direla, eta foru aldundiaren katalogoan ere jartzen du babestutako eremua dela. Beraz, leku hori ez zaigu egokia iruditzen. Eguzki energia baliatzearen alde gaude, eta herri programan jaso dugun moduan, iruditzen zaigu gai horretan pauso bat eman beharra daukagula; inbertsio batzuk eginda, gai izango garela –industriaren beharrak alde batera utzia– herritarren energia beharrei aurre egiteko. Horretarako, ordea, egokiagoa ikusten dugu eguzki plakak eraikinen teilatuetan-eta jartzea, alegia, lekua berriak zikindu gabe, erabilita dauden lekuak baliatzea. Iruditzen zaigu Azpeitian nahikoa leku badagoela behar dugun energia sortzeko.

Hauteskunde egunari begira jarrita, zer emaitza espero dituzu?

Orain dela lau urte EH Bilduk alde handia atera zigun eta zaila da emaitza horiei buelta ematea, baina hortik aurrera, emaitza onak espero ditugu.

Azpeitiarrek zergatik eman behar diote bozka EAJri?

Historikoki erakutsi dugu kudeaketan asmatu egiten dugula. Duela egun batzuk Azpeitian egin genuen ekitaldian, Maria Eugeniak [Arrizabalaga] azaldu zuen historikoki alderdiak kudeaketan asmatu egin izan duela, eta erabaki garrantzitsuetan asmatu egin dugula. Lehengoan nonbaiten ari ziren hizketan euri gutxi egin duela eta daukagun lehorteari buruz, eta esan zuten, Euskal Herrian, nahiz eta beste urtebetez euririk ez egin, ura bageneukala. Nola egongo ginateke orain, duela 40 urte urtegiak eraiki ez balira? Orduan ere, urtegiak eraiki zirenean, jende bat kontra azaldu zen, eta uler dezaket etxe alboan egokitzea inori ez zaiola gustatzen, baina erabaki garrantzitsuak eta erabaki sakonak hartu egin behar dira, eta zentzu horretan, uste dut gure alderdiak erakutsi duela gaitasuna badaukala eta normalean asmatu egin dugula. Adibidez, bukatzear den agintaldian onartu da, gure babesarekin, zaharrentzako egoitza berria eraikitzea. Ni 2003tik 2011ra bitartean egon nintzen udalean, eta ordurako guk esaten genuen orain dagoen lekua mugatua zela eta etorkizunean izango genituen beharrak ikusita, ez zela izango nahikoa eta hortik atera beharra zegoela. Zoritxarrez, ez ginen izan gai beste alderdiak konbentzitzeko, baina azkenean ikusi da arrazoia geneukala. Iruditzen zait, hankak lurrean ditugulako, erabaki sakonetan eta erabaki estrategikoetan asmatu egiten dugula, eta horrez gain, programa egokia landu dugula lehen aipatutako erronkei aurre egiteko. Gainera, taldea ere oso egokia daukagu programan agindutakoak aurrera ateratzeko. Beraz, nik uste jendeak EAJri eman beharko liokeela botoa.