Sanjuandegiko festak 2023

Tronboi jotzaileak auzoan barrena

Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 12:00

2016an Aretxabaletan egin zuten Tronboneitor topaketako irudia. (Goiena)

Tronboia ezagutaratzeko, Tronboneitor ikuskizuna antolatu dute XJ Auzolaneanek eta Juan Antxieta musika eskolak elkarlanean. Uztarriak Sanjuandegiko festak direla-eta kaleratu duen egunkariko edukia da honako hau.

Tronboi doinuek hartuko dituzte Sanjuandegi auzoko kaleak eta txokoak jaietako azken egunean. Izan ere, XJ Auzolaneanek eta Juan Antxieta musika eskolak Tronboneitor ikuskizuna antolatu dute elkarlanean.

Ikuskizuna, izatez, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak sortu zuen 2010ean; Hondarribian egin zuten lehen aldi haren arrakasta ikusirik, egitasmoa urtero egitera animatuta dira antolatzaileak. Hala esan du Mari Jose Bikendi Juan Antxieta musika eskolako zuzendariak: "Tronboi jotzaileak elkar ezagutzea da helburua, baina baita horiek ondo pasatzea eta tronboia ezagutaraztea ere".

Musika klasikoan eta jazzean oso musika tresna ezaguna eta erabilia den arren, egunerokotasunean ezezaguna da, oro har, tronboia. Horregatik, eta Bikendik nabarmendu duenez, umeen artean instrumentua sustatu ahal izateko garrantzitsua da festetako azken egunerako prestatu duten hitzordua. "Gazteek musika eskolan instrumentu bat aukeratu behar izaten dutenean, ez da oso desiratua izaten tronboia, baina, musikan, orokorrean, funtsezko musika tresna da. Horrelako instrumentuak sustatzeko, beraz, garrantzitsua da Tronboneitor gisako ikuskizunak antolatzea".

Azpeitiko tronboi ikasleekin batera egitasmoan parte hartuko dute, besteak beste, Dulantziko, Debako, Errenteriako, Donostiako, Oñatiko, Hondarribiko, Mutrikuko, Bergarako edota Loatzo eskolako ikasleek. Guztira, ehun ume eta gaztetxo baino gehiago elkartuko dira. "Horrelako kasuetan, entseguak ez dira errazak izaten; musika eskola bakoitzak bere kasa egiten ditu prestaketak. Azpeitiko ikasleek, adibidez, ostegunetan egin dituzte entseguak, eta prest daude emanaldirako", azaldu du musika eskolako zuzendariak.

Tronboneitor ikuskizuna kalejira batekin hasiko dute; auzoko kaleetan barrena ibiliko dira ikasle guztiak. Ondoren, berriz, kontzertua eskainiko dute. Emanaldia lau zatitan edo arlotan banatuta egingo dute, ikasleen adinaren arabera. Horrenbestez, musikari txikiak, gazteak eta helduak izango dira, eta talde bakoitzak hiru abesti joko ditu. Gazteek eta helduek, gainera, Arratsalde honetan interpretatuko dute, eta amaieran ikasle guztiak batuko dira Firework jotzeko. Askotariko abestiz osatu dute errepertorioa, eta beraz, garai eta estilo askotariko doinu ezagunak entzuteko aukera izango dute herritarrek, besteak beste, talde hauenak: Maroon five, Huntza, A-ha, Ed Sheeran, Imagine dragons, Ken 7 edota Skalariak.

Urteurrenean

Ez da Tronboneitor ikuskizuna Azpeitian egingo duten lehen aldiz izango; izan ere, aurrez ere egin izan dute. Dena den, bada aurtengo edizioa Azpeitian egiteko arrazoi nagusi bat: Juan Antxieta musika eskolaren 40. urteurrena.

"Data berezi horren harira, aurtengo ekitaldia Azpeitian egitea eskatu genuen, eta onartu egin zuten proposamena. Sanjuandegiko festak izanda, ez zuen zentzurik kalean horrelako ekitaldi bat antolatzeak. Batzordearekin hitz egin genuen, eta jaietan txertatu genuen egitasmoa", esan du Bikendik.

40. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabil Juan Antxieta musika eskola urte hasieratik, eta hala jarraituko du urte amaierara arte. Urtean zehar hainbat ekintza egin dituzte, hala nola Hazparneko musikariekin batera emanaldia, Kontzertua familian emanaldia, banda gazteen topaketa, Dantzari Txiki Eguna edota Argiztatutako Gauak egitasmoa. "Atzeratu ditugulako eta, baditugu oraindik azpeitiarrei eskaintzeko emanaldiak eta sorpresak", adierazi du musika eskolako zuzendariak.