Etxeen eraginkortasun energetikorako, irisgarritasunerako eta kontserbaziorako laguntzak eskatzeko epea ireki dute

Nerea Uranga 2023ko ira. 22a, 09:16
Ander LarraƱaga eta Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko batzordeburuak. (Nerea Uranga)

Bigarren urtez emango ditu dirulaguntzak Azpeitiko Udalak, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta herriko etxebizitza parkea kontserbatzeko" helburuekin. Laguntza eskaerak urriaren 30erako aurkeztu beharko dira Etxebizitza bulegoan edota udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan.

Azpeitiko Udalak iaz eman zituen aurreneko aldiz etxebizitzetako energia efizientziarako, irisgarritasunerako eta kontserbaziorako dirulaguntzak. Aurten, berriro laguntza lerro hori abian jartzea erabaki du, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta herriko etxebizitza parkea ondo kontserbatzeko" helburuekin, azaldu dute Ander Larrañaga Ekonomia batzordeburuak eta Joanes Amenabar Ingurugiro batzordeburuak. 200.000 euroko diru poltsa aurreikusi du udalak laguntza hauetarako.

Laguntzak etxejabe bakoitzak edota etxejabekideek batera eska ditzakete; bietarako aukerak daude zenbait kasutan. Oro har, 2022ko azarotik aurrera hasitako obrak eta 2024ko urriaren 30erako bukatuta egon beharko dutenak lagunduko ditu udalak dirulaguntza hauen bidez. Etxebizitzen kontserbaziorako dirulaguntza lerroaren kasuan, 2022ko urtarriletik aurrera hasitakoen gaineko laguntza ere eska daiteke.

Dirulaguntza eskaera urriaren 30era bitartean egin beharko da Etxebizitza bulegoan (Enparan kalean dago) edota udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Oinarriak osorik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kontsulta daitezke.

Etxebizitzen berritzea "ikuspegi integral batetik" sustatu nahi du Azpeitiko Udalak, eta horregatik, eraikinen eta etxebizitzen "bizigarritasuna, irisgarritasuna eta kontserbazioa" lagundu nahi ditu. Etxebizitzetako eta etxe atarietako irisgarritasuna hobetzea lagunduta, "mugikortasun arazoak dituzten pertsonen eta adinekoen beharrei erantzun nahi die udalak, etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatuz azpeitiarrei”, adierazi du Ander Larrañagak. Efizientzia energetikorako neurriak eta energia berriztagarriak ezartzea lagunduz, berriz, "trantsizio energetikorako pausoak ematea" bultzatu nahi du erakundeak. Amenabarrek nabarmendu duenez, "urrats eraginkorrak eginez herritarren ekonomian eragina izan dezaketen argindarraren edota gasaren prezioen igoerari aurre egiteko neurriak lagundu nahi dira. Era berean, esku-hartze berarekin, eraikin osasungarriagoak, ekologikoagoak eta irisgarriagoak lortzea nahi dugu".

Lau lerro dituzte etxebizitzak hobetzeko udalak emango dituen dirulaguntzek. Honakoak dira:

  • Irisgarritasuna hobetzeko lanak. Batetik, etxejabekideen eremu komunetan irisgarritasuna hobetzeko lanak lagunduko ditu udalak, hala nola lehen aldiz igogailua instalatzea, lehendik dagoen igogailura iristeko bidea egokitzea, ateak edota pasabideak zabaltzea eta egokitzea edota mekanismoak ezartzea. Bestetik, 65 urtetik gorako edota mugikortasun urriko pertsonak bizi diren kasuetan, etxebizitza irisgarriago egiteko jabekideak etxe barruan egindako obrak ere lagunduko ditu udalak: bainugelak egokitzea (bainuontziaren ordez dutxa jartzea, euskarriak, bainurako eserlekuak, heldulekuak...), ateak zabaltzea eta segurtasun elementuak instalatzea.
  • Energia-efizientzia hobetzeko lanak. Etxejabekideek eremu komunetan egindako obren kasuan, eraikinaren inguratzaile termikoa eta beharrezko isolamendua hobetzeko lanak lagunduko ditu udalak. Etxejabeak bere etxean egindakoen kasuan, berriz, energia eraginkortasuna hobetzeko eta etxebizitzaren inguratzaile termikoa hobetzeko obrak daude aurreikusita laguntzen oinarrietan.
  • Energia iturri berriztagarrien instalaziorako lanak. Laguntza lerro honen helburua autokontsumorako energia berriztagarrien erabilera sustatzea da, eta horretarako beharrezko diren instalazioak lagunduko ditu udalak.
  • Eraikinen kontserbaziorako obrak. Honakoak izango dira lerro honen bidez udalak diruz lagundu nahi dituen obrak: teilatuak eraberritzeko lanak; Azpeitiko Alde Zaharra 1. HEn kokatutako eraikinetako fatxadak birgaitzeko eta pintatzeko lanak; eta etxebizitza eraikinen forjatuak, karga-hormak, portikoak edo zimendatzeak eta segurtasuna zaintzeko obrak.

Iazko laguntzen emaitzak

Aurreko urtean eman zituen aurreneko aldiz Azpeitiko Udalak etxebizitzen irisgarritasuna, eraginkortasun energetikoa eta kontserbazioa hobetzeko lanen gaineko laguntzak. Guztira, 44 eskaera lagundu zituen Azpeitiko Udalak, 116.000 euro bideratuz laguntza horietara.