Esklabetako alokairuko apartamentuen esleipenean parte hartzeko Etxebiden izena eman behar dela gogorarazi dute udalak eta Jaurlaritzak

Mailo Oiarzabal 2023ko ira. 22a, 17:45
Esklabetako ekialdeko hegala eta haren aurrea urbanizatzeko lanak. (Maialen Etxaniz)

48 etxebizitzen lanak urtea amaitzerako bukatzea aurreikusten dute, eta ondoren jarriko dute martxan esleipen prozedura. Etxebiden alokairurako aukeran alta emanda dauden Azpeitian erroldatutako gazteek izango dute lehentasuna prozedura horretan.

Esklabetan eraikitzen ari diren alokairu sozialeko etxebizitzen obrak "bide onetik" doaz, eta duela bi urte lanak hasi zituztenean iragarritako epeak betetzea aurreikusten dute Eusko Jaurlaritzak eta Azpeitiko Udalak. Horrenbestez, urte hau amaitzerako bukatuko dituzte aldi baterako alokairuko 48 bizitokiak, eta jarraian, horiek esleitzeko prozedurari ekingo diote.

Prozedura horri dagokionez, Esklabetako apartamenduen esleipenean parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da Jaurlaritzak tramitazioa hasi baino lehen Etxebiden alokairuko aukeran alta emanda egotea; hala gogorarazi dute bi erakundeek, eta Azpeitian erroldatutako gazteek lehentasuna izango dutela gaineratu dute.

2017an iragarri zuen udalak Esklabetan alokairu sozialeko etxebizitzak egiteko akordioa egin zuela Jaurlaritzarekin. 2018ko otsailean sinatu zuten bi erakundeek akordioa gauzatzeko hitzarmena, eta urtebete geroago, 2019ko martxoan, lanak urte hartako irailean hasiko zituztela iragarri zuten. Baina hasierako aurreikuspenarekiko bi urteko atzerapenarekin hasi ziren proiektua gauzatzen Esklabetako ekialdeko hegalean.

Lanak hasi eta egun gutxira, etxebizitzen eta proiektuaren hainbat xehetasun azaldu zituzten tokian bertan udalak eta Jaurlaritzak. Txandakako eta aldi baterako erabilera izango dute Esklabetako apartamentuek: gehienez bost urtez erabili ahal izango dira, kontratua urtero berrituz. Bizitokien erabiltzaileek hilero ordaindu beharko duten kanonak ez du gaindituko haien diru-sarreren %30a. Komentu izandako ekialdeko hegaleako beheko, lehen eta bigarren solairuetan eraiki dituzte 48 apartamentuak, 7.951 metro koadroko espazioa erabilita. Beheko solairuan hamasei bizitoki egongo dira; horietako 11 logela bakarrekoak izango dira, eta bost, bi logelakoak. Goiko bi solairuetako bakoitzean, logela bakarreko hamar apartamentu eta bi logeladun sei eraikiko dituzte. Apartamentuetako bi mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituko dituzte.