Astelehenean ere itxita izango da Euskalerria auzoko errepidea

Ihintza Elustondo 2023ko ira. 23a, 10:40
Euskalerria kaleko lanen irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Skate parke zaharreeko obrak ezin izan dituzte amaitu euria dela eta, eta astelehenean jarraituko dute lanekin. Hori horrela, astelehenean ere itxita izango da Jim Clark pareko errepidea, eta epaitegi aurretik bideratuko dute trafikoa.

Azpeitiko Udala Euskalerria auzoko skate parke zaharrean obrak egiten ari da, eta joan diren ostegunean eta ostiralean, aparkaleku ondoko errepidea asfaltatzea zuten aurreikusita. Dena den, euria dela eta, ezin izan dituzte lan guztiak amaitu, eta asteburuan behin-behinean zabalduko badute ere, astelehenean jarraituko dute lanekin, eguraldiak laguntzen badu.

Beraz, astelehenean ere trafikoan aldaketak izango dira, eta ezingo da Jim Clark aurretik pasatu. Horren ordez, epaitegi aurreko aparkalekutik bideratuko dute trafikoa. Udalak adierazi du, "obrek ekar ditzaketen eragozpen eta nahigabeak ahalik eta txikienak" izan daitezen lan egingo dutela, eta aurrez barkamena eskatu du, sor litezkeen arazoengatik.