A30 greba feminista orokorra

Zaintzaren inguruan jardun dute Emakumeen Txokoan, Malen Etxekoek gidatuta

Nerea Uranga 2023ko aza. 4a, 20:01

Zaintzaren inguruan gaur Emakumeen Txokoan egindako tailerra. (Nerea Uranga)

Mugimendu feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorraren harira egin dute gaur zaintzaren inguruko tailerra Emakumeen Txokoan. Adinekoen zaintzan jarduten duten hainbat emakumek ere parte hartu dute. Grebari lotuta, azaroaren 9rako bi bilera deitu dituzte.

Mugimendu feministak azaroaren 30erako deitu duen greba feminista orokorraren harira, zaintzaren inguruan hausnartzeko tailer mistoa egin dute gaur arratsaldean Emakumeen Txokoan. Malen Etxeak antolatutako saioa izan da, eta hango kide Silvia Carrizok gidatu du bi orduko tailerra.

Herriko hainbat emakumek eta Azpeitian nahiz inguruko herrietan zaintzan lanean jarduten duten hainbat langilek parte hartu dute saioan. Elkar aurkeztu ondoren, bakoitzak zaintzan jarduteari egunerokoan zenbat eskaintzen dion ikusteko ariketa bat egin dute. Ariketa horretatik ateratako emaitzaren inguruan pixka bat hitz egin ondoren, talde txikietan bilduta, hainbat galderari erantzun diete tailerreko parte hartzaileek: zer da zaintza? Eskubidea al da? Beharra al da? Zeinek du zaintza horren ardura? Zer da zaintzea? Zeini dagokio zaintza bermatzea?

Zaintzaren inguruko tailerra, gaur Emakumeen Txokoan. (Nerea Uranga)

Behin talde txikietan galdera horien inguruan hausnartu ondoren, elkarrekin elkarbanatu dituzte ekarpenak tailerrean bildutako guztiek.

Hurrengo hitzorduak

Azaroaren 30erako greba feminista orokorra antolatzeko hurrengo bilera irekiak azaroaren 9rako antolatu dituzte Azpeitian. 18:30ean, emakumeak bakarrik bilduko dira, eta ondoren, 19:00etan, bilera mistoa egingo dute. Bi bilerak Baigera 1eko batzar aretoan egingo dituzte.