Urrestillarako bidegorrian argiztatzeke zegoen zatian argiak jarri ditu udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko abe. 19a, 11:26
Farola berriak piztuta, atzo, Zapatari eta Aginetxe baserrien pareko bidegorri zatian. (Mailo Oiarzabal)

Atzo iluntzean piztu ziren lehen aldiz Atxubiagako biribilgunearen eta Zapatari baserriaren pare arteko zatia argitzeko jarri dituzten zazpi farolak.

Argiztatu gabeko zatirik ez dago jada Landeta eta Urrestilla lotzen dituen bidegorrian. Herritarren eskaerari erantzunez, zazpi farola jarri ditu Azpeitiko Udalak Atxubiagako biribilgunetik Zapatari baserriaren parera arteko zatian, eta atzo piztu ziren lehen aldiz argi berriak.

Duela lau urte, 2019ko bukaeran, ireki zuten bidegorriaren zati berri osoan, Zapatari baserri paretik Urrestillako herriguneko sarrerara arte, argiztapena jarri zuten; baina Zapatari paretik Atxubiagako biribilgunera arteko zatian, ez. Harrezkero, berritzen joan da herritarren eskaera, bidegorri osoa argizta zezaten eskatzeko. Gipuzkoako Bidegorrien Sarearen barruan dago bidegorri hori, eta beraz, foru aldundiak kudeatzen du, baina udala izan da aurrea hartu eta argiztapena osatu duena. Horregatik, argiztapen berriaren instalazioa "behin-behinekoa" dela nabarmendu du udalak.