San Martin egoitzako langile bat egun batetik bestera kaleratu dutela salatu dute

Aitziber Arzallus 2024ko urt. 19a, 12:45
Gaur San Martin egoitzaren atarian egin duten elkarretaratzea. (Aitziber Arzallus)

Hurrengo hitzordua astearterako jarri dute. Plazan bilduko dira 11:00etan, eta elkarretaratzea egingo kaleratutako lankideari babesa adierazteko eta egoitzako zuzendaritzaren jarrera salatzeko.

San Martin egoitzako langile baten bat-bateko kaleratzea salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur goizean, egoitzaren atarian. Hogeitik gora lagun bildu dira Kaleratzerik ez zioen pankartaren atzean; gehienak bertako langileak, baina baita haiei babesa ematera joandako zenbait herritar ere. Mobilizazioak iraun duen bitartean, lankidearen kaleratzearen nondik norakoak azaltzen dituen oharra banatzen aritu dira handik pasatzen ziren herritarrei, ostiraleko kontua izanik, oraindik inork gutxik duelako egoitzan gertatutakoaren berri.

Egoitzako langileen ordezkarien arabera, joan den ostiralean, urtarrilak 12, lankide bat kaleratu zuen zuzendaritzak, "egun batetik bestera, legeak agintzen duen hamabost eguneko aurreabisurik eman gabe". Azaldu dutenez, zuzendaritzak "langilearen prestakuntza falta" argudiatuta egin du kaleratzea, "egoitzan lanean jardun den zortzi urteetan horren beharrik izan duenean". Gainera, esan dutenez, zuzendaritzak ez dauka lanpostu hori kentzeko edo desagerrarazteko asmorik. "Kaleratutako langilea beste batek ordezkatuko du, dagoeneko Matia Fundazioko langilea den batek".

Hain zuzen ere, duela hilabete batzuetatik Matia Fundazioak kudeatzen du San Martin egoitza. Aurrez, GSR enpresak zuen ardura hori, eta kudeatzailea aldatzearekin batera, Azpeitiko egoitzako zuzendaritzan ere aldaketak izan dira. "Gogorrak izaten ari dira azken urteak zaintza sektoreko langileontzat, ratioek itotzen gaituzte, soldatek ez digute eros ahalmena bermatzen, San Martinen aldaketa asko bizitzen ari gara, eta orain, kaleratze hau etorri da". Haserrea sortu du horrek egoitzako gainontzeko langileengan: "Ez dugu ulertzen zertara datorren kaleratze hau". 

Zuzendaritzaren jarrera salatzeaz gainera, kaleratutako lankideari "erabateko babesa" adierazi nahi izan diote gaurko elkarretaratzearekin. "Horrelako gertakarien aurrean, elkar babestu eta enpleguaren defentsa egitea tokatzen zaigu, gaur bat izan den bezala, hurrengoan beste edozeini tokatuko zaiolako". Garbi adierazi dute ez dutela onartuko "zuzendaritzaren inolako erasorik", eta kaleratutako lankidea berriz bere lanpostura itzultzeko beraien esku dagoen guztia egiteko prest azaldu dira.

Momentuz, mobilizatzen jarraitzeko asmoa iragarri dute, eta datorren astearterako jarri dute hitzordua: elkarretaratzea egingo dute plazan, 11:00etan hasita. Egoitzako gainontzeko langileei mobilizazioetara batzeko deia egin diete, lankidea babesteaz gain, langile gisa dituzten eskubide indibidual eta kolektiboen defentsa behar beharrezkotzat jota.