Hutsik gelditu da Baigera II taberna kudeatzeko lehiaketa publikoa

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 22a, 12:40
Baigera II jatetxea, kanpotik. (Azpeitiko Udala)

Lehiaketa publikoa hutsik gelditu denez, taberna-jatetxea kudeatzeko interesa duen edonork proposamena aurkezteko aukera ireki du Azpeitiko Udalak. 

Hutsik geratu da Sanjuandegiko Baigera II erretiratuen egoitzako taberna-jatetxea kudeatzeko lehiaketa publikoa. Ondorioz, taberna-jatetxe hori kudeatzeko interesa duen orok bere proposamena aurkezteko aukera izango du. Informazio gehiago nahi duenak gizarte@azpeitia.eus helbidera idatzi edo 94-  15 71 92 telefonora deitu behar du.

Esleipendunak "inguruarekin eta ekipamenduaren ezaugarriekin bat datorren zerbitzua" eskaini beharko du. Honako hauek dira ezarritako ezaugarriak: kudeatzaileak bezeroei euskaraz eman beharko die arreta, bertako produktuak eskaini beharko ditu eta adinekoentzako Baigerako Zuzendaritza Batzordeak ezarritako tarifak aplikatu beharko ditu. Horrez gain, legea betez, adin txikikoei ezingo die alkoholik saldu, ezingo da erre, prezioen zerrenda eta jarduera lizentzia ikusgai izan beharko ditu eta erreklamazio orriak eskura izan beharko ditu, besteak beste.

Baigera IIk gutxieneko ordutegia izango du, hau da 09:30etik 21:00etara irekita eduki beharko da astelehenetik igandera bitartean. Zerbitzuaren kudeatzaileek hilero 300 euroko kanonan ordaindu beharko dute, ohiko gastuez gain. Tabernaren edo jatetxearen esleipena, lau urterako izango da gehienez, hau da, bi urteko esleipena eta beste bi urteko luzapena. 

Proposamenak aurkezteko eta memoria teknikoa garatzeko argibideak behar dituztenek Iraurgi Berritzen agentziara jo dezakete laguntza eske, Sindikatu Zaharreko bulegoetara joanda, 943-02 60 69 zenbakira deituta edo info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatzita.