Piaspe proiektu eolikoa

Piaspe zentral eolikoaren administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatu dituzte

Maialen Etxaniz 2024ko urt. 24a, 17:30

Gaur argitaratu dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean kokatuko litzatekeen Piaspe proiektu eolikoari buruzko informazioa. Statkraften filiala den Desarrollos Renovables Iberia enpresak eskatu du administrazio baimena. 32.142.000 euroko aurrekontua izango luke egitasmoak.

Beste urrats bat egin dute Piaspe zentral eolikoaren auzian. Administrazio baimena eta ingurumen inpaktuaren adierazpena eskatu ditu Statkraften filiala den Desarrollos Renovables Iberia PI S.L.U enpresak. Gaur kaleratu dute horren berri ematen duen agiria Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Agiri horretan jasotzen denez, proiektuak eragina izango du Azpeitia, Errezil eta Zestoako lurretan, eta egitasmoaren nahiz hari lotutako azpiegituren aurretiazko administrazio baimenak eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egiteko eskabideak aurkeztu ditu aipatutako enpresak.  

Iragarkiaren arabera, 33 MWeko parke eolikoa egiteko asmoa du Statkraftek, eta zentralak honako ezaugarri hauek izango lituzke: 6,6 MW potentziako bost aerosorgailu, 205 metroko altuerakoak eta 170 diametrokoak. Piaspe parke eolikotik Lasaoko azpiestaziora bideratuko lukete sortutako energia elektrikoa, Azpeitiko eta Zestoako lurretatik. Proiektuak, guztira, 32.142.000 euroko aurrekontua izango luke.

Jendaurrean jarri dute Piaspe parke eolikoari eta hari lotutako azpiegiturei buruzko proiektua nahiz ingurumen inpaktuaren adierazpena, eta 30 egunez egongo da irakurgai. 

Alegazioetarako tartea

Gaurko argitalpenarekin batera alegazioak aurkezteko epea ireki dute. Horrenbestez, herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izango dute 30 egunen barruan.