Oinezkoentzako bidea egokitzen ari dira epaitegiaren atzeko aldean

Maialen Etxaniz 2024ko ots. 16a, 16:49
Epaitegi atzeko obrak. (Mailo Oiarzabal)

Datorren astean egingo dituzte asfaltatze lanak, eta obrek 35.000 euro inguruko aurrekontua izango dute. 

Azken egunetan obretan dago epaitegi inguruko eta atzeko bidegorria. Hain zuzen, oinezkoentzako bidea egiteko lanetan ari da Azpeitiko Udala, gune horretan ez baitzegoen oinezkoentzako biderik. Jakinarazi dutenez, epaitegiaren inguruko eremu horretan bidegorria soilik zegoen, eta oinezkoak ere bidegorritik ibiltzen ziren. Ondorioz, trabak sortzen ziren. Horren jakitun, oinezko erabiltzaileentzako espaloia egokitzeko lanak hasi dituzte. 

Udalak jakinarazi duenez, dena ondo bidean, datorren astean asfaltatze lanak egitea eta obrak amaitzea aurreikusten dute. 35.000 euro inguruko aurrekontua izan dute obrek.